Arratsaldeko atoiuntzia, Yukio Mishima idazle japoniarraren liburu ezaguna, astelehen arratsaldean izanen dugu mintzagai Iruñeko Yamaguchi liburutegian. Yukio Mishima-k idatzitako liburu horretatik pasarte hau atera dut:
Katu ehizan ordubete inguru eman ondoren, azkenean miauka ari zen katakume galdu bat harrapatu zuten, zeina Noboru-ren esku ahurrean sartzen baitzen, hain txikia zen.
Ordurako sei mutilak izerdi patxetan zeuden eta, biluzik, etxolako bazter bateko iturrian bustialdi bana hartu zuten txandaka. Eta bainatu bitartean katakumea eskuz esku igarotzen zen. Noboruk katua bere bular bustiaren kontra ezarri eta haren taupada azkarrak nabaritu zituen.(...)
- Nola egingo dugu?
- Hor bazeudek ohol batzuk. Horietako baten kontra jaurtiki. Oso erraza duk. Tira, Hirugarren, hire kontura -agindu zion buruzagiak.Azkenik iritsia zitzaion bere bihotzaren gogorra eta hotza frogatzeko unea. Dutxatu berria izanagatik, atzera ere izerditan zegoen.(...) Berehalako batean haizeak atorrak astinduko zituen eta berak mixintxoa akabatzen jardungo zuen, gizarteak ezarritako debekuen katea etengabe hausten.
Katutxoa lepotik helduta, Noboru zutundu egin zen. Animalia txikia, mutilaren eskutik zintzilik, indarge eta mutu zegoen. Bere baitan erruki halako zerbait aurkitzen saiatu zen, eta halaxe sentitu zuen, tren batetik fite baino fiteago ikusten den leiho argituaren gisa, errukia urrunetik une batez distira egin eta desagertu egiten zela.
Buruzagiak aspaldidanik nabarmendu zuen halako ekintzak beharrezkoak zirela munduaren hutsuneak betetzeko; hutsune betezin hura soilik erailketaren bitartez bete zitekeela, arraildura batek ispilua zeharkatzen duen gisan, eta, bistan dena, gazteek lortu egiten zutela existentziaren gaineko halako agintea.
Noboruk katakumea ahalik gorenera altxa eta indarrez ohol baten kontra jaurti zuen. Arestian atzamarretan itsasirik egon zen objektu epel eta biguna airea txistuka zeharkatu eta ohol kontra oldartzea, zoragarria izan zen. Noboruri, ostera, oraindik esku artean zeukala iruditu zitzaion.
Oraindik bizirik zegok! Berriro! -zioen Buruzagiak. Etxola barruan barreiaturik, dutxatu ondoren eta artean jantzi gabe, bost mutikoen begirada Noboru-rengan iltzaturik zeuden.
Noboruk bere eskuetara eraman zuen zer hura dagoeneko ez zen katu bat. Bere baitan halako indar gorantzako bat hazten zihoan eta hatz mamietaraino heltzen; lehen jaurtiketa errepikatu beharra zeukan eta katua ohol kontra behin eta berriro txikitu. Noboruk bere burua erraldoi eginik ikusten zuen.
Bigarren jaurtiketan katakumeari txilio ttiki eta indargabea atera zitzaion. Oholean zapla eginik, lurrera jausi eta hankak mantso mugitu zituen, zirkulu handi bat marraztuz, harik eta geldi-geldirik geratu zen arte. Oholeko arrastoek mutikoak gogobetetzen zituzten.
Eta gogorra iruditu bazaizue, Yukio Mishimaren beraren bizitzaz -eta heriotzaz- zerbait ikasi.... Aho bete hortz geldituko zarete.
Astelehen honetan, Yamaguchiko liburutegiko irakurle klubean hitz eginen dugu honi guztiari buruz
No comments:
Post a Comment