2010-10-11

Pausandin eta Olarrizokon lainorik bada...



Pausandin eta Olarrizokon lainorik bada, euria dakar”. Olaldeako gure baserria, Maia baserria, Errepaitzen dago. Pausanditik goizero sortzen da eguzkia, Ariberako bidean; Olarrizokotik arratsaldero sartzen da eguzkia, Orotz-Betelurako bidean. Amona Ramonak beti esaten zuen hori: “Pausandin eta Olarrizokon lainorik bada...”

Gaur eguerdian horixe gertatu da. Goizean ateri zen, baina, goiza aurreratu ahala, laino zerrenda batzuk hasi dira agertzen, ezker-eskuin, Pausandin eta Olarrizokon. Amona Ramonaren esanaz oroitu naiz eta gure semeari esan diot ez joateko intxaur bila, etxean gelditzeko, arratsaldean izanen genuela aukera intxaurrak biltzeko... Baina hamalau urterekin aitari kontra egin behar zaio, horrela baitago aginduta idatzi gabeko legeetan.

Semeak Amona Ramonaren zumezko saski zahar bat hartu du eta intxaur bila joan da. Bazkaldu aurretik itzuli da, blai-blai eginda eta hiru dozena intxaur saskian zekarrela. Atija hasi denean zaplasteko bat enateko gogoari eutsi diot, baina purrusta bat bota diot. Marmarrean hasi denean amona Ramonaren saskiarekin buruan emateko gogoari ere eutsi diot. Berriz doministuku egin du eta mukizapi bat emanda, baserriko leihora hurbiltzeko agindu diot: ezker-eskuin begiratuta esan diot: “Pausandin eta Olarrizokon lainorik bada, euria dakar. Hurrengorako ikasi.”

Orduan intxaurrak garbitzera joan gara. Intxaur dozena hori garbitutakoan gure hatz-mamietan gelditu den arrasto garratza, moskana, gaurko lezioa ikasteko erabili dugun tinta izan da. Euria zarra-zarra ari du: Pausandi eta Olarrizoko lauso ikusten dira euri zeiharraren pean gure baserriko leihotik.




No comments: