2015-06-10

Ekokardiografiak

Senide bat ospitalean izan dut hainbat egun, nahi baino gehiago, eta proba batzuk egin behar izan dizkiote, besteak beste, ekokardiograma bat. Ekokardiografiak egiteko gelara lagundu nuen goiz batean, eta erizain amultsu batek egongelan itxaroteko agindu zidanean, eserleku batean eseri nintzen. Han nengoela kolpe itzela hartu nuen garondoan, ohatila gurpildun baten aurrealdeak emanda. Antza, nire atzean, igogailutik atera eta ohatila gurpildunak abiadura hartu zuen, eta erizain-laguntzaileak ez omen zuen neurtu ongi. Kontua da nik buruan kolpean jaso eta lurrera erori nintzela, konortea galdu gabe baina, eta lurrera heldu orduko inguruan zeuden beste guztiak etorri zitzaizkidala gainera. Kolpea ez zen makala izan, eta ni lurrean etzanda gora begira gelditu nintzen, ziztu bizian hurbiltzen ziren aurpegi asaldatuen aurrean. Han zeuden erizainak, erizain laguntzaileak, senideak eta baita ohatilan zetzan gaixoa, niri begira eta ea ongi nengoen galdezka. Orduan ikusi nuen, aurpegi ezezagun horien guztien artean, ustez ezaguna zitzaidan aurpegi bat.

Lurrean ote nago
kolpe bat hartuta
jendea inguruan
burua minduta
bertsolari bat dut nik
orain ikusita
ez dakit ez ote naiz
guztiz txoratuta

Ez nauzu bertsolari, baina bertso hori etorri zitzaidan burura, agian kolpearen ondorioz, agian ezaguna zitzaidan aurpegi bakarra eskolarteko bertsolari txapelketan ibilitako bat ekarri zidalako burura. Eserlekuan eseri nintzen atzera, eta ezer gertatu ez balitz bezala gelditu nintzen; ongi nengoela esanda, erizainak, erizain-laguntzaileak eta zain zeuden beste guztiak urrundu ziren. Burua pixka bat minduta gelditu nintzen, eta kezka bat jiraka-biraka barruan, ustez ezaguna zitzaidan hori agertu bezain azkar desagertu baitzen. 

Orain, senidea, zorionez, jadanik ez dago ospitalean, eta ni... aitzakia bat bilatzen ari naiz ekokardiografiak egiten dituzten gelara hurbiltzeko.


No comments: