2016-05-19

Dialisi-makinaren argitxoak

Dialisi-makinaren argitxoek logelako iluntasuna urratzen dute. Drainatzeak min eman eta esnatu egin nau. Hainbat hilabetetan, dialisi-makinaren zarata txikiek lagundu naute lorik gabeko gau luzeetan, makinaren zaratei eta drainatze-zikloei ohitura hartu arte. Amorantearen argazkia izeneko testuan aipatu nuen jada: iazko urritik dialisia egiten dut gauero-gauero bederatzi orduz, ohean nagoen bitartean, eta maiatzean gaudelarik, neurria hartu diodala esan dezaket.

 Gaur, baina, drainatze mingarriak esnatu egin nau. Gauaren ilunean dialisi-makinaren pantailla txikian 6tik 3. drainatzean dela dio: dreinatzeak ez ninduen esnatu beharko, baina esnatu egin nau azken xurgaketak. Baxter etxeko makinaren zaratak ederki ezagutzen ditut jada; begiratu gabe ere badakit bukatu duenean xurgatzen eta glukosa berriz nire gorputzera sartzen hasten denean.

 Gaur mina ez da oso handia izan, nahikoa, baina, loaldia hausteko; sei drainatze egiten dituenez gauero, oraindik gauaren erdian gaudela esan nahi du; eskubiko eskua luzatu eta hatzen puntekin iratzargailua hartu nahi izan dut; bada garaia orratz argiztatuak dituen beste iratzargailu bat erosteko, etxean duguna ez baita iluntasunean ikusten, eta gauez botoi bati sakatu behar zaio zein ordutan bizi garen jakiteko. Gauaren sakonean, baina, hatzak ez dira nahi bezain trebeak eta hatz-puntekin ukituta iratzargailua bota egin dut lurrera. Erdi esna erdi lo nagoen honetan maldizioka hastear egon naiz, baina ondoan datzan emazteak ez du hori merezi; emaztea ere ohituratu egin da dialisi-makinaren gora-beherei eta orain alarmak ere ez ditu beti aditzen; drainatze-makinaren alarma zaratatsua gutxitan hasten da joka, eta jadanik hain ongi ezagutzen ditudanez zantzuak, batzuetan alarma jo baino lehen kapaza naiz aurre hartzeko arazoari eta alarmaren zarata gogaikarria saihesteko emaztea ez esnatzeko. Zeinen zoriontsu egiten nauen emaztearen arnasaldi erritmikoak.

Erdi esna-erdi lo nagoen honetan dialisi-makinaren zarata txikiak eta emaztearen arnasaldien kulunkan gelditu naiz... lo.

No comments: