2016-05-17

Maiatz aldizkariaren literatur topaketa: Iruñea - Baiona

Beti eraman ohi dut agenda bat aldean, dela alkandoraren poltsikoan, dela berokiaren patrikan. Izanez ere, alkandora poltsikodun izan ezean ez dut erosten, eta berokiaren poltsikoan agenda sartu ezean, ere ez. Agerian dago, beraz, moda ez den beste irizpide zenbaiten pisua. Etxetik kanpo nagoela, agenda horretan jasotzen ditut egunean zehar entzuten, irakurtzen edota aldez eta moldez jasotzen ditudan istorio-mixtorio eta kontu bitxiak.

Noizbait gertatu izan zait agenda ahaztea etxean eta istorio bat galtzea garaiz ez jasotzeagatik. Duela bost urte, Maiatz argitaletxeak 30 urte betetzen zuela eta, Lucien Etxezaharreta editoreak gonbidatu gintuen Maiatz aldizkariaren kolaboratzaileok bazkari batera Baionara. Iruñetik Juankar Lopez-Mugartza eta biok abiatu ginen goiz hotz batean Iparralderantz, haize hotzak lagun eta elurraren beldur. Baina bidaia oso atsegina izan zen, Juankar lagunaren hitz jario aberatsari esker. Istorioak lotuz eta hizkuntza jolasekin gozatuz egin genuen bide zati bat eta Bidebietako tunelaren parean oso berezia zen zerbait bota zuen Juankarrek, buruan argi-izpi bat piztu zidan zerbait... Tamalez, ez nuen jaso, ez nuen hitz pare bat edo hiru bereden jasotzeko aukerarik izan, agenda etxean ahantzirik... Autoa geldiarazteko eta paper txatal batean bizpahiru hitzetan ideia biltzeko eskatzeko zorian izan nintzen... baina hori eskatzea gehiegi iruditu zitzaidan.
“Hortik ipuin bat atera daiteke, Juankar!“ esan nion lagunari, buruan ipuin bihur zitekeen ideia hori azpimarratu nahian. “Zuk beti esaten duzu gauza bera, Josu” eman zidan arrapostu. “Idatz ezazu ipuin bat, bada!”

Bidean aitzina egin genuen, eta bertze gai batzuk izan genituen solasgai, eta irri karkaila anitz egin genuen, eta Baionara heldu ginen, eta oroitzapen hitseko Monbar hotelean hartu genuen kafea, eta eguerdiko 12,30etan bazkaltzera bildu ginen Maiatz-eko lagunekin, eta Lucien laguna han genuen zain, eta Itxaro Borda zuberotarra, eta Piarres Aintziart heletarra, eta Hegoaldeko Iñigo Aranbarri, Patxi Larrionekin; eta Iparraldeko Aurelia Arkotxa, eta Peio Jorajuria garaztarra, eta Txomin Peillen handia, —ni, Txomin Peillen miretsiarekin bazkaltzen eta hitz egiten!— eta poesiaren tunelaren barnera sartu ginen eta zeharo ahaztu nuen Juankarrek kontatutako pasadizo horren haritik buruan piztu zitzaidan ipuin-gai hura... Baionatik bueltan, etxera helduta, gogor eta gogoz saiatu nintzen gogoratzen... alferrik, baina.

Oso gaizki eman nituen hiru edo lau egun, ideia hura gogoratu ezinik. Guztiz jota eman nion hamaika buelta ene buruari, argi hura nolakoa zen gogoratzen saiatzen nintzelarik. Baina ideia “etorri” ez, eta urduritu nintzen izugarri. Tunel baten barruan sentitzen nintzen, ilunpean, tunelaren ahoaren argia antzeman ezinik. Saiatu nintzen aletzen Juankarrekin izandako mintzagaiak, baina orduak igaro ahala, gero eta zailagoa zitzaidan ideiak ordenatzea, eta tunelaren ahoaren argia gero eta lausoagoa zegoen nire baitan, gero eta antzemanezinago.

Amore eman nuen nire ezintasunaren tunelean, eta tunelaren beltzera begiak behin egokituta, nire ezintasunaren inguruko hitz hauek idazten hasi nintzen, tunelaren baitan bildutako lerroak, eta paradoxikoa den arren, tunelaren beltzenean aurkitu nuen tuneletik bertatik ateratzeko bidea, testu txiki hau apailatzeko bidea.

Bioy Casares idazle argentinarrak azaldu zuen istorio bat sortzen ahal dela gutxien espero duzun lekuan eta gutxien espero duzun unean; gutxien espero daitekeena izan daiteke idazteko akuilu: “Estimulu asko eta askotarikoetatik sortzen dira ipuinak. Denborari eta eskarmentuari esker, narratzailearen buruan osatuz doa istorio-prozesadore moduko bat, makina txiki baten tankerakoa. Makina txiki hori baliatuz, burmuinak jasotzen dituen informazio batzuk baztertzen eta bestetzuk hartzen ditu. Orduan i(ra)gartzen du: hemen bada ipuin bat.” Baita tunel beltz batean ere.


No comments: