2016-08-28

Nola ez maite Alberto Petri?

Nik Alberto Petri maite nuen. Iragan den mendearen azken hamarkadan berarekin militantzia partekatzeko ohorea izan nuen. Estimu handitan nuen, miresterainoko adiskidantza, eta badakit ez naizela bakarra; zuetako askok ere miretsiko zenuten, Alberto zen bezala zelako.

Hildakoen omenez panegirikoak idazteko joera dago, baina Albertoa ateoa zen —eta harro gainera—, beraz, nekez izanen da santua. Eliza Katolikoaren eta bereziko OPUS DEIren gehiegikeriak salatzen lehena, irakaskuntza publikoaren aldeko sutsua. Izan ere, Alberto oso gizon jantzia zen, jakintza handikoa, eta argudiatzen bazekien gutxik bezain ongi; Iruñean zinegotzi emandako zortzi urte horietan behar zenean —sutsuki behar zela, amultsuki behar zela— hamaika eztabaidaren protagonista izan zen, ez protagonismoa bilatzen zuelako, oso gizon argia zelako, eta Albertoren partehartzeak beti urduri jartzen zituen besteak, lekuz kanpo utzita.

Garai horiek, baina, ez ziren samurrak izan: anitzetan, edozein gaia zela ere, Herri Batasunaren izenean aurkezte hutsarekin, beste alderdien sektarismoaren adierazgarri, ezezkoa ziurtatuta zegoen; Albertok aitortu zidan behin baino gehiagotan HBren jarreraren kontrako mozioa aurkezteko tentazioa izan zuela behin baino gehiagotan, hartara besteek kontra bozkatuta HBren jarrera garaile aterako zelako. Eta maiz, Alfredo Jaime alkatearen jauntxokeria eta errespetu faltekin nazkatuta, Albertok oinetako bat erantzi eta hari botatzeko tentazioa izan zuela, —gerora ikusi izan dugun protesta ekintza mundu zabalean—. Eta hori kontatzean, irri bihurria erakusten zuen Albertok.

Gaizki pasarazi zioten Albertori, eta bere osasunean ordaina izan zutela urte gogor horiek, ez dut nik zalantzarik. Behin izugarri mindu zen, ikusi zuenean izenez ezkerrekoa den beste alderdi bateko zinegotzi batek Albertoren beraren karpetan dokumnetuak arakatu, ideiak lapurtu eta gero plenoan harenak balira bezala aurkeztu zituenean: izenez ezkertiarra den alderdi bateko kide batek egin izana zen Albertorentzat mingarriena.

Guztiok bezala, argi-itzalak izanen zituen, baina askoz argi gehiago itzalak baino. Itzal bat, berak onartua, euskara ongi ez jakitea: Tornamira Matematika Olinpiaden arauak euskaratzeko mesedea egingo ote nion... Eta nola esan ezetzik Albertori? Txantreako bere etxean unibertsitate osoan baino askoz gehiago ikasi nuen, segur naiz, eta oraindik daukat buruan aholkatu zidan liburu bat: John Allen Paulusen El Hombre Anumérico; eta bete-betean asmatu zuen.

Baina agian gehien gogoratzen dudana ez dago lotuta afera politiko batekin: ederki gogoratzen dut duela 20 urte, gure semea jaio zenean, pelutxe bat eman zigula opari, oraindik ere baduguna, behi txiki polit bat, urdina, Lau izenekoa, gure semearen ohe gainean urteak eta urteak eman dituela. Eta horrek erakusten du maila politiko handiko ordezkari bat izatean gain, maila handiko pertsona ere bazela. Nola ez maite?


Eta kontu hauek guztiak gogoratzean begiak lausotzen zaikidan arren, ziur naiz Alberto Petrik irri bihurria eginen duela, dagoen tokian dagoela. Eta musu bana senidei.

No comments: