2018-08-07

Kontuan hartu beharreko ahots bat: Gonzalo Moure-rena


Atzo, Valentziako aireportuan, 32 graduko tenperatura “jasanezina” pairatzen ari ginelarik, Bubisher-en blogaren bidez, Ez da humanoa testua irakurri nuen. Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan 60 graduko tenperatuta zutela irakurri nuen.

60 gradutan, saharar zaharrenak eta jaio berri anitz hil dira honezkero. Eta Saharako egoeraren larria ezagututa, neure buruari galdetzen diot ea merezi duen guk jarraitzea Sahararen aldeko Bubisher proiektua sostengatzen, errefuxiatuen kanpamenduetako liburutegiak laguntzen. Den-dena bertan behera uzteko gogoa ematen du-eta! Sahararrek deserrian 42 urte daramatzate-eta, dena hankaz gora jartzeko gogoa ematen du. Sahararren aberria, Mendebaldeko Sahara, lehorra eta beroa izanik ere, itsasaldeko lurralde oparoa eta emankorrra ere bada. Aitzitik, Arjeliak utzitako hamada infernu hutsa da, eta inork ez du merezi bertan bizitzea, ezta eskorpioiek ere.

Halere, poliki hausnartuta, laguntzen jarraitzea merezi duela ondorioztatzen dut, bai merezi duela sahararrek lur mortu horretan bertan jarraitzen dutelarik: merezi du liburutegiak eraikitzen jarraitzea, jarduerak antolatzen eta maitasunez betetzen, eta sahararren esku uzten euren geroa erabakitzen, euren bidea egiten, hartzen duten bidea hartzen dutela. Izan ere, kultura hori ere bada, nork bere babuz erabakitzeko gaitasuna izatea, mundua ezagutuz, mundua den bezain injustua badarik ere.

Konformatzen naiz jakinda Mar Benegas-en gonbidapenari esker El niño de luz de plata liburuaren ia-ia ehun ale sartu egin ditugula ia-ia umeren bizkarzorroetan. Eta liburu horiekin jarduerak eginen dituzte, Valentzian ez ezik bertze hainbat tokitan ere, beti Bubisher zabaltzen laguntzeko, lur mortu batean bada ere. Gaizki sentitzen naiz; nazkaz eta amorruz gaixoturik. Baina Nuno Marçal-ek dioenez, geureari eutsiko diogu, tinko eutsi ere, eta ez dugu sekula etsiko. Uste dut une honetan ez dagoela beste irtenbiderik: aitzina.

Gonzalo Moure idazlearen artikulu hau jatorriz argitara eman da Bubisher proiektuaren webgunean




Gari Berasaluzeren argazkia

No comments: