Hipatia Alexandrian jaio zen K.o. IV.mendearen erdialdera. Aita, Alexandriako Teon matematikari eta astronomo ospetsua zen, eta Alexandriako liburutegi ospetsu horretan egiten zuen lan.
Alexandriako liburutegia Ptolomeo I.a Soter faraioak K.a. III. mendearen hasieran sortu zuen. Liburutegi horretan munduko zientzilari, filosofo eta idazle ospetsuen liburu guzti-guztiak gordetzen omen ziren.
Teon-ek bere alabari erakutsi zizkion matematika eta astronomia. Hipatiak, gainera, filosofia, oratoria eta erlijioen historia ere ikasi zituen. Era berean, Atenasera eta Erromara ikasteko eta irakasteko ere abiatu zen.
Hipatiaren etxean mundu osoko ikasleak biltzen ziren, haren ospeak erakarriak. Hipatiaren jatorrizko liburuak galdu ziren arren, haren ikasle biri esker, Sinesio Zirenekoari eta Hesikio Hebrearrari esker, haren idazkiei buruzko informazio asko iritsi zaigu. Idazki horien bidez, badakigu ura iragazteko makina bat, likidoen dentsitatea neurtzeko eta uraren maila neurtzeko tresnak asmatu egin zituela.
Garai horretan Alexandrian kristauak eta kristauak ez zirenak elkarrekin bizi ziren. Hipatia ez zen kristaua, eta garai latzak pasa behar izan zituen, kristau batzuk oso fanatikoak zirelako. Gero eta kristau gehiago bizi zirenez hiri horretan, Hipatiari bertan bizitzea oso arriskutsua egin zitzaion, kristauren begietan Hipatia sorgin arriskutsu bat baitzen. Gainera, kristauek ez zuten onartzen emakume bat zientzian aritzea. Beldur izanagatik eta lagunen aholkuei kasu egin gabe, Hipatiak bere ideiak ez zituen baztertu, ezta ezkutatu ere, eta ez zuen Alexandriatik alde egin. 415. urtean kristau fanatiko batzuek Hipatia hil egin zuten, baita gero bere gorpua erre ere.
Hipatiaren heriotzarekin zientziekiko interesak gainbehera egin zuen, bai Alexandrian, bai mundu osoan.
No comments:
Post a Comment