Itzalak eta argiak
kaleak biltzen dituzten bitartean
maitaleen bila erretiratzen dira,
basokada bat whiski hartzera noalarik.
Atzean utzitako islak
leiho lurrunduetan dautza etzanda
gutxi batzuen begi-ninietan
babesa hartzen dutela.
Bitartean, begiak finko,
gehienek telebistari so
gaua galtzen, nire erara.
Eta ia gauero gogoratzen dut
estreinakoz ikusi zintudanean,
zure izena ere jakin gaberik
ene begiek zureetan irakurri zutela
arazo hitza bertan zizelkaturik.
Whiski koloreko begi horiei
ur bizia zerien
zure ondoan egonik ere
hondorik gabeko bizi-putzuak.
Begi horiei jadanik begiratzeko
kemenik ez, eta horregatik
hainbat galdera
egiten dizkiot ia gauero
whiskiz betetako basoari;
baina ez dit erantzuten.
Edalontzia,
gor-mutu gupidagabe hori.
No comments:
Post a Comment