2020-06-23

Amuarrain baten bizitza labur zoriontsua


Urtegian gaupasa egin ondoren, zizare bakar bat ahoratu gaberik eta maldan behera pilpirika dabilen kupela baino zorabiatuago, etxera joatea erabaki nuen. Buztankada bat emanda, errekan gora jo, eta orduan ikusi nuen, errekaren bazterrean soslaia bat; nire barrukiak esan zuen: “Hara, hasi da Gobernua arrantza-baimenak banatzen”. Burua ur-azalera atera eta oihu egin nion: “Hi, hankabiko ergel hori, joan hadi perrotxikoak hartzera” eta nire bideari berriz lotu nintzaiolarik, beste morroi bat ikusi nuen errekaren ertzean, begiak handi-handiak zituela, aldaroka zebilena, eta nire ondotik pasatzean ni ikusi ere egin gabe joan zena: “Hara, bestea, babalore halakoa!” Arrantzaka ez dute astoek soilik egiten.

 

Erreka nagusira ur epela zekarren errekasto baten gora egin nuen; eskertzen da uraren epeltasuna, eta erreka txikiek hori dute on... Baina errekastotik gora egitean, lixiba usaina hasi nintzen nabaritzen... Hankabiko arlote baten batek ziur isuri duela nahita, jakinda lixibarekin zorabiatzen garela, lixibak uraren oxigenoa kentzen baitu, eta orduan, arnasa hartu ezinik, ur azalera ateratzen gara oxigenatzera eta gure zakatzak gorritzera, baina ur azalera erdi zorabiaturik ateratzean, hankabiko batek hartzen ahal gaitu... Eta lortzen ez badu ere, lixibak bere lana egiten jarraitzen du eta errekaren alboetako belarrak erretzen ditu... Eta esandakoa berresteko, bost litroko lixiba pote bat ikusi dut, ur azalean kulunka... Errekasto epeletik ihes egin behar dut, ez hiltzeko.

 

 Baina ordurako, erreka nagusian oinak, eskuak, harriak, oihuak, berunak eta amuak tarteko, azken ur-korrontea gainditu nuen; nahaste-borraste horren erdian, denetarik antzeman nuen... baita hirugihar usaina ere! Harrapa ezazu zangotik! Hauek bai trebeak arrantzan! Banoa hemendik harrapa nazaten baino lehen. Horiek horrela, hondorantz abiatu nintzen eta, —hura eta ura pagotxa!— harri baten ondoan zizare bat ikusi eta kosk egin niolarik, indar ikaragarri batek gorantz eraman ninduen bat-batean, azalerantz etengabe goraka; nik beherantz nahi, baina hankabiko alu batek gorantz egiten zuen tira... eta nik beherantz, neke-neke eginda bukatu nuen arte; azkenik, uretatik atera eta zubirantz igo ninduen.

Hankabiko gaztetxo bat zen, gizaki-kume bat. Tarte batez niri begira egon zen, eta gero, itotzen hasi nintzelarik, gizaki-kumeak amua atera zidan kontu handiz, zauririk eragin gabe, eta errekan utzi ninduen atzera, behar den bezala. Orduan ikasi nuen lekzio eder bat: hankabiko guztiak ez direla berdinak eta ikasgai hori ez zait sekulan ahaztuko.

 

No comments: