Obanosen irakasle ibili nintzen urteetan, iragan
den mendeko azken hamarkadan, On Santos Begiristain apaiz-pistoleroa bizirik
zegoen artean. Ohean gaixorik, ezin bizi eta ezin hil, iloba zahar baten
zaintzapean eman zituen azken egun eta gau luzeak; beste mundua badenik
sinetsita, zain izanen zituenaren beldur, antza, agonia luzatu zen luzatu,
haren osasun egoera txarraren oihartzunak eskolara ere heldu zirelarik.
Eskola txikian nirekin batera beste bi maistra
zeuden, horietarik bat Azagrakoa, eta On Santosen balentziak nik baino hobeki
ezagutuko zituen, segur aski. Eskola unitarioa zen, eta Obanosko ume guztiak
hiru gelatan zeuden banatuta: “Txikiak” (Haur Hezkuntzakoak), “Ertainak”
(lehenengotik hirugarren maila bitarte) eta “Handiak” (laugarrenetik seigarren
maila bitartekoak). Gainera, astean bi egunetan etortzen zen On Pedro Crespo
apaiza, Erlijio (katolikoaren) eskolak ematera... baina hori beste kontu bat
da.
Nolanahi, On Santos Begiristain, itzal handiko
apaiza, ezin duin bizi ezin lasai hil, ez omen zen ordurako ohetik jaikitzen
ahal, baina haren itzal luzeak pisu handia zuen artean herrian. Laudorioak eta
losintxak nagusi On Santosen izena aipatzeko tenorean: Erroman ikasia zela,
Teologian doktorea zela, Obanosko misterioa zela, Virgen de las Nieves
baselizaren sustatzaile zela edo Xabierraldia zela eta.
Azkenean, On Santos hil egin zen eta handik gutxira
San Juan Bataiatzailearen elizaren ondoko frontoian, (gaur egun zaharberritua)
tindaketa bat agertu zen: “Santos Begiristain hiltzaile!”, herrian hautsak
dexente harrotu zituena, ekintza horren oihartzunak ere eskolara heldu
zirelarik, eta euskaraz egina egoteagatik susmo txar guztiak euskara irakasle
honengana bideratzeko balio izan zuena. Entzuteko modukoak izan ziren batzuk,
espantuka, horien ustez On Santosen izena ona zikintzeko egindako ekintza
guztiz kondenagarri horren kontura, burugabe baten edo lotsagabe baten ekintza
zela, agian aldi berean burugabe eta lotsagabe baten lana, dudarik ez, Obanosko
misterioaren antolatzaile nagusiaren izena eta izana laidotzeko egindako
barrabaskeria, gauez eta azpikeriaz egina gainera! Izan ere, santu izateko
nahiko meriturik egin ez bazuen ere, dohatsu izateko, gutxi falta zaio, batzuen
ustez bederen.
Baina On Santosen aldeko gorazarreak ez zuen
zerikusirik antzerkiarekiko zaletasunarekin, ezkutatu nahi zutenarekin baizik.
Izan ere, Obanosen hamasei lagun hil zituzten, eta Errepublikaren kontrako
haren sermoiek piztu zituzten gerora erabilitako su-armak eta Azagran egindako
hilkintzak; hor ibili zen On Santos, esku batean gurutzea, bestean pistola.
Egia mingarria ez ikusteko erabiltzen ziren losintxak eta laudorioak, gaizkilea
ongile bihurtuta., On Santosek berak idatzita jaso zuen bezala bere Libro de
Actos Civiles delakoan: Han muerto, al peso de la justicia, en los
primeros días del Movimiento Nacional Salvador de España mis feligreses: (...)
Hotzikara batek hartu nau zerrendaren luzea ikustean Izan ere, Azagran
hirurogeita hamaika lagun hil zituzten izen-zerrenda, On Santosen eskutik...
eta ez da esateko modu bat.
On Santos Begiristainen itzal luzea, bere sotana
bezain beltza, hor zegoen, eta haren itzal beltza zuritzeko erretolika
gogaikarria apalduz joan bada ere. On Santos Begiristainen itzalaren luzea,
oraindik itzali ez dena. Eskerrak gure memoriak ez duen preskribatzen.
No comments:
Post a Comment