Hiriburuzahagiko kafetegian,
Ernest Hemingway-ren harrizko begirada pean
zu eta biok mahai banatan
elkarrengandik urrun
baina geure gogoan elkarren hurren
elkarri begira soslaian
harik eta burua jiratu eta niri
so zaudela egiaztatu arte
zure begiak zirrikitu bihurturik.
Senarra mahaian utzirik
barrara eskatzera joan eta ni zure atzetik.
Zerbitzariari kafe-esne bat eskatu
eta beste bat, deskafeinatua
Jarraian tabernariak niri galdetu
ea nola nahi nuen deskafeinatua
“Ez, ez gaude elkarrekin”, erran zenion.
“Orain” gehitzea falta zitzaizun.
Aspaldi itxitzat neukan zauriari
zornea zeriola nabaritu nuen.
Begiekin zerbitzariari kontatu nion
gure artekoa nola bukatu zen.
Kafeak ekarri bitarteko tarte eternalean
ezikusiarena egin zenuen maisuki.
Nor bere mahaira itzulirik
senarrarekin eleketan zinen hasi,
baina zeharka niri beha;
nik kaier zahar hau eta luma harturik
hasperenak hasi nintzen tintaz gorpuzten.
Ernest zaharra begiekin mintzatu zitzaidan
bera ez dela nor aholkurik emateko emakume kontuetan.
No comments:
Post a Comment