Denon bizitzan, baita herrien bizitzan ere, zikloak daude: ilberriak, ilgorak ilbeteak, ilbeherak. Eta irailak 27 dituen honetan aurreko ilargi-zikloak gogoan: iragandako une latzak, gozoak, itxaropentsuak eta etsigarriak; malkoak eta irriak; minak eta musuak; erorketak eta jauziak; hasperenak eta txaloak; arrakastak eta porrotak; lortutakoa eta bidean galdutakoa; eta bidean gelditu direnak, jakina. Mikel Castillok 23 urte zituen polizia nazional batek hil zuenean, Iruñean, atzetik tiro bat emanda segada batean. Mikelek tiroa jaso zuen eta polizia horrek domina bat. Iltzatua daukat gogoan Mikelen heriotzaren berri eman zidatenean. Hogeita hamairu urte bete dira berriki; haatik, atzo goizean gertatu izan balitz bezala daukat oroimenean. Hitzen hasperenak izeneko poema-bilduman jasota dago olerki hau:
Izen zenbait zail dira esaten
ahoskatzen errazak izanagatik.
Letrak herrestan jarri behar
izenaren benetako pisuaz
jabetuko bazara
eta silabak murtxikatu
eztarrian traba ez dakizkizun.
Izan ere, izen zenbait
ezpainekin baino
bihotzarekin esaten dira.
Mikel Castillo izen horietako bat da.
Gure belaunaldikook elkarri egindako
galdera maiz errepikatua:
Zu non zinen Mikel hil zutenean?
Euskal Herriaren ibilbidean, ilargia beti lagun zikloak pasatu ditugu, baita ziklo berriak erakarri ere. Ilbehera daudelako ditugu ilberriak eta ilbeteak, ilargiak etorkizunean ere lagunduko gaituelako. Mundu berri bat eraiki nahi eta behar dugu, zeinetan ilberriak, ilgorak ilbeteak eta ilbeherak etorriko diren bata bestearen ondotik, zeinetan beti sortuko diren erronka berriak, oztopo berriak, egitasmo berriak. Joan zirenak gogoan, haiei esker bizi ahal dugulako oraina, etorkizuna eraiki nahian, ilargia lagun, ilargia beti lagun.
No comments:
Post a Comment