2023-09-03

Soildu - Iñaki Bastarrikaren erakusketaren karietara


Iñaki Bastarrikaren Soildu izeneko margo-erakusketa Larralden izan dugu ikusgai uda honetan, —Senpere-Amotzen— . Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, soildu hitzaren adiera bat hauxe dugu: “landareez mintzatuz, hosto-abarrak galdu edo kendu”; ildo beretik, “mendiez edo bestelako lur-sailez mintzatuz, landareak galdu edo kendu”.


Soildu hitzaren esanahia ez da soilik hori, beste adiera bat ere badu eta: “lagungarri edo apaingarri guztiez gabetu”, hiztegi berberak dioenez, eta adibide eder zenbait ere badakarrelarik: “Egia soila. Jakite soila, hitz-jario alferretatik bereizten. Hemingwayen kontatzeko modu soila, elkorra itxuraz. Poesia huts-soila, edertasun biluziaren ispilu izan nahi lukeena.”Eta hiztegi berberean soildu elearen beste adiera baten etsenplu bat: “Pentsatze soilak lazten dizkit ileak”; hori idatzi zuena ez zen burusoila izanen, jakina.


Bistan da, gure hizkuntza ez da soila, ez da hutsa, ez hutsaren hurrengoa, aberatsa eta oparoa baizik.


Begi-bistan dauzkat Iñaki Bastarrikaren margoak, egurrezko leiho zahar-berrituetan ezarriak, eta guztietan Soildu aditzaren eragile bat ageri da margolanetan: aizturrak, —edo guraizeak, edo artaziak—. Aizturrak Iñakirentzat inspirazio-iturri izan direnak; edo guraizeak, guretzat harrigarritasun-haizeak; edo artaziak, arte-haziak.



Margolanetan aitzurrak agertzen dira landare-zurtoinak, abarrak, adarrak eta adaskak soiltzen, inausten, mozten, ebakitzen, epaitzen... Sinonimoak direla dirudien arren, sinonimoak ez dira existitzen, hitz bakoitzak baditu-eta bere ñabardurak, bere karga, bere garabidea...


Errana dugu gorago: gure hizkuntza ez da soila, ez hutsa, ez hutsala; aitzitik,  aberatsa da, naroa eta joria. Eta errana dugu artaziak direla protagonista margolanetan, bertan agertzen direlarik soiltzen eta mozten, ebakitzen eta epaitzen...



Bitxia da epaitu hitzak hartu duen bidea; gaur egun soilik aipatzen baita juje batek edo epaile batek erabaki edo ebazpen bat edo epaiketa batean bere epaia ematen duelarik.


Bitxia da oso hitz batzuek hartu duten bidea, baiki, bitxia den gisan Soildu izeneko margo-bilduma: pintzelak eta artaziak hartu-emanetan jarrita, artaziak hartu eta arte-haziak eman.




No comments: