Atzo mahai-inguru interesgarria izan dugu, EHUko irakasle eta idazle den Kepa Altonagaren gidaritzapean: Xaho XXI. Mendean izenburukoa, Fermin Arkotxarekin eta Fermintxo Sánchez Agurruzarekin. Eta, last but not least, Aitor Txarterinak sortutako kamishibai bat, Xahoren Aitorren elezaharrean oinarritua, jardunaldia biribiltzeko.
2011-10-06
Xahoren itzala
Atzo mahai-inguru interesgarria izan dugu, EHUko irakasle eta idazle den Kepa Altonagaren gidaritzapean: Xaho XXI. Mendean izenburukoa, Fermin Arkotxarekin eta Fermintxo Sánchez Agurruzarekin. Eta, last but not least, Aitor Txarterinak sortutako kamishibai bat, Xahoren Aitorren elezaharrean oinarritua, jardunaldia biribiltzeko.
2011-10-05
Azeri nobleaz
2011-09-23
Derryko lagunaren mezua
Lagun irlandarra suminduta zegoen, amorratuta, eta kontatu dit Liverpoolen futbol partida bat ikusi behar zuela telebistan, eta partida hastear zela, ohi den bezala, You'll never walk alone kanta entzun zuela.
Abestia aditu ahala, Derryko lagunari gogoa joan zitzaion Arnaldo Otegi dagoen Espainiako espetxeraino. Eta abesti horren indarra Arnaldori eta beste lagunei helarazi nahi ziela aitortu zidan Derrytik Espainiako espetxeetaraino:
Ekaitzaren barna zoaztela
Ez burua makurtu
Eta ez izan iluntasunaren beldur
Ekaitzaren ostean dator zeru urdina
Eta hegatxabal baten zilarrezko kantu goxoa.
Segi aurrera, haizea gorabehera, segi aurrera, euria gorabehera,
Nahiz eta zuen ametsak zapuztu.
Segi aurrera, segi aurrera, itxaropena bihotzean,
Zeren sekula ez zarete bakarrik ibiliko.
Sekula ez, sekula ez zarete bakarrik ibiliko.
Segi aurrera, segi aurrera, itxaropena bihotzean,
zeren sekula ez zarete bakarrik ibiliko,
Sekula ez, sekula ez zarete bakarrik ibiliko, Arnaldo, Rafa, Arkaitz, Miren eta Sonia.
Eta abestia bukatutakoan, Basque friends gogoan eta begiak malkotan zituela aitortu dit Derryko lagunak, amorrazioaren malko garratzak masailetatik beheti.
Baina Irlandan ederki dakite gaurko malkoak biharko irriaren atarikoak direla. Bobby Sandsek ederki adierazi zuen: «Gure mendekua gure seme-alaben irria izanen da». Atzo Irish Republican Army-ko komandante zena, Derryko Martin McGuinness, gaur egun Irlandako presindentegai dugu. Derryko nire lagunak ez daki, baina iragan den larunbateko manifestazioan jendetzak «Otegi lehendakari» oihukatzen zuen.
Lagun irlandarraren mezua horrela bukatzen zen: A chara, tiocfaidh ár lá. -Kamarada, gure eguna helduko da-. Otegik berak ere argi adierazi zuen epaiketaren bukaera-bukaeran: «Inork ez dezala utz abiaturiko bide hau, irabaztera goaz eta. Irribarre egin dezazuela da eskatzen dizuedana, irabazi egingo dugulako».
2011-09-22
"Autokarabana" eleberria Berriozarko Irakurle Klubean
Nik ez daukat karabanarik, baina sarritan, ipuin honetako protagonistek bezala, ingurukoez nazkaturik amaitzen dut, eta eguneroko gauzez asper-asper eginda, eta horrelakoetan nik ere ospa egiten dut. Baina nik ez dut karabana hartuta ospa egiten, nik arkatza hartzen dut, eta orri zuriak itsaso eta zeru zabal bihurtzen zaizkit, mendi edo bailara, herrixka edo hiri, nik nahi dudana. Edonora narama irudimenak, eta gasolina baino askoz ere merkeagoa da; doan da, aizue!
Txikitan ere halaxe gertatzen zitzaidan, eta nire liburuak eta koadernoak edozein bazterretan egindako marrazkiz beteta egoten ziren. Eta horrelaxe jarraitzea pentsatzen dut, irudimenaren gasolina amaitzen zaidan arte...Fermin Etxegoienen Autokarabana liburua mintzagai hilaren 28an, asteazkenean, 7,30etan, Berriozarko liburutegian.
2011-08-27
Bide ertzean
Uda honetan bete dira 75 urte militar espainolak matxinatu zirenetik legezko errepublikaren aurka. Uda hartan ere busti ziren soroak, bide ertzeak eta bazterrak, odolez busti baina. Haatik, frankisten ondorengoek ez dute damurik erakutsi beharrik, antza, ezta barkamenik eskatzeko asmo zipitzik ere.
Bide Ertzean taldeak kantatzen duen gisara, “Nafarroako galsoroetan, ozen mintzo da isiltasuna”, gure etxetik egunero ikus dezakegun Ezkabaren inguruko isiltasun ozena bezain zalapartatsua. “Saminak ez du atseden hartzen, desagertuen etxean bederen. Non ote dira jakin nahi nuke, oroimenaren krabelin gorriak. Non ote diren jakin nahi nuke. Gure hilotzek lur gainean, erein zuten libertatea.”
Laster izanen dira Berriozarko jaiak eta Bide Ertzean taldea etortzekoa da jaietako azken egunean...
Ezkaba mendiak badu gorderik, oraindik ere, hainbat gorri hilotz eta hainbat hilotz gorri, Olentzeroren etxolatik gertu, hor nonbait... Biolentzia eta biktima hitzak higatu dituzten horiek datozela pala bana eskuan hartuta botilen hilerriko indusketetan laguntzera. Eta biktima guztiak -baina guzti-guztiak-aintzat hartuta, betor udaberria, bai, irailean izanik ere!


