2007-11-09

Axular aztia?

Nor -eta zer- izan zen Axular?

Google-n sartu duzu Axular hitza eta “baietz lehenengoan” botoari sakatu diozu:
Burlatako Axular Kultur Elkartera eraman zaitu bilatzaile orojakileak.
Bilaketa zabaldu duzu eta Orrega Elkartearen webgunera eraman zaitu. Gero, idazle ororen erreferentzia den literaturaren zubitegira, eta, nola ez, wikipedian ere murgildu zaitu. Amaitzeko, hiru.com-era eman diozu bistadizoa.

Data biografikoei erreparatuta, ohartzen zara XVI. mendean 44 urtez bizi izan zela eta XVII. mendean beste 44 urtez. Axular 88 urte zituela hil zen, zahar-zaharra, alegia, garai horretarako oso-oso arraroa; izan ere, jendea askoz ere gazteago hil ohi zen...

Halaber, ohartzen zara zahar samar apaiztu zela, 40 urte zituelarik, eta sermolari ona zeneko ospea zuen. Zergatik apaiztu ote zen horren berandu? Bertsio ofizialak dio “nekeza zela ikasketak egitea garai horretan” Ez dakit sinesgarria den 40 urterekin... Zer egingo zuen –eta zer ez zuen egingo- apaiztu aitzin? Diotenez, sermolari bikaina omen zen, eta entzuleak limurtzen eta liluratzen omen zituen. Apaiztu aitzineko bizitzan gizonak eta emakumeak sakon ezagutu zitueneko erakusgarri... Ezagutu agian, zentzu biblikoan?
Eta aurrekari horiekin apaiztea lortzea ere... Bitxia, benetan.
Xabier Kaltzakortak gogorazten digu Salamancan ikasten ibili zela XVI. mendearen akaberan, agian Bargotako Johanes-ekin batera, alegia, Bargotako aztiarekin batera, deabruaren eskolak hartzen... Zer ikasiko zuen? eta zer ez zuen ikasiko!

Liburu bakarreko idazlea duzu Axular. Hil aurreko urtean argitara eman zuen haren zorioneko GERO, baina ez edonon; liburua argitaratzea lortu zuen bai, non eta Bordelen, Euskalerritik at, non eta Erregearen beraren inprimategian.

Laburbilduz: nola biziko zen horrenbeste urte, nola lortuko zuen horrenbeste ospe, nola egingo zuen liburu mardul bakar hori... aztia izan ezean?

Post scriptum: geroko utziz gero "Gero" irakurtzea, damutuko zara, gero!

1 comment:

Anonymous said...

Duela gutxi Anjel Lertxundik idatzi zuen honen inguruan. Lertxundik ekartzen zuen gogora Carquand-ek bildutakoa: "Nuizpait Salamankako lezean, deabrü zaharrak formatü zizün apezgeien eskola bat. Dohanik eta urte bakoitz eskolatzen zitizün"