Blog bat ez da, inondik ere, birus baten berri emateko lekurik egokiena. Areago, kontuan hartuz birus hau ez dela berria. Nik duela bost –kaketan plost- urte, jaso nuen OHAR GARRANTZITSUA izenpean mezu hau... eta urteak pasatuta ere uste dut oharrak ez duela garrantzirik galdu.
>Norengandik: Ketiabron
>Norentzat: Kronode:
>Noiz bidalia: urtarrilaren 7a
>Gaia: Fw: oso birus arriskugarria!
OHAR GARRANTZITSUA
Bada birus arriskugarri bat, “LANA” deritzona.
“LANA” norbaitengandik jaso ezkero, hala lankide batengandik nola nagusiarengandik, e-posta edo Internet bitartez, EZ IREKI, EZ BEGIRATU ETA EZ UKITU inola ere. “LANA”rekin harremanetan hasten bazara, zure bizitza pribatua ezabatu egingo da, eta bere funtzio normalak betetzeari utziko dio zure garunak. “LANA” paper bitartez jaso ezkero, ez egin jaramonik. Ez ezazu irakurri, eta bota zuzenean zakarrontzira. Hartu jaka, joan bi adiskide onekin tabernarik hurbilenera eta eska ezazue garagardo bana. Honako hau hamaika aldiz eginez gero ikusiko duzu “LANA” erabat ezabatuko dela zure garunetik. Bidal ezazu ohar hau bost adiskide oni. Ez baduzu bost adiskide on, jadanik kutsatuta eta “LANA”ren erabateko kontrolpean zaudenaren seinale.
E-postaz jaso nuen mezuaren egileari erreparatu nion: Ketiabron, norbaitek behar du izan. Eta norentzat: Kronode. Edonork dauka izen hori... eskuinetik eskerrera irakurriz gero.
Eguberriko oporraldia amaituta, bihar lanera...
No comments:
Post a Comment