Lehengo egunean emailu bat jaso nuen. Urtarril hotz honetako goiz hotz bat zen, eta ordenagailuaren pantailan bilatu nuen eguraldiak ematen ez zidan epeltasuna. Posta elektronikoz jasotzen den bitxikeria horietako bat zen, The day you were born –jaio zinen eguna- Beste egun batean izan balitz ez nukeen zabalduko, baina goiz hotz hura, urtarrilaren 3ko goiza zen, nire urtebetetze egunekoa.
Lehengo egunean emailu bat jaso nuela diodanean, egia diot: mailukada bat izan zen niretzat, nire urtebetetze egunean hain zuzen mezu misteriotsu hura jasotzea; ziztada bihotzean, zartada masailean, hotzikara bizkarrezurrean. Nola dakite noiz jaio nintzen ni? Hori izan zen neure buruari egin nion galdera. Bidaltzailearen izena euskalduna izateak -pagoa5@xxxxxxx.com- buruko argi gorri oro itzali zuen.
Eskuineko eskuko hatz erakusleak klik bikoitza egin zuen sobre itxiaren ikonoaren gainean. Sobrearen ikonoa pantaila epelean zabaltzen ari zelarik, buruak gaztigatu zidan birus bat izan zitekeela, amu erakargarri batez mozorrotutako birus gaiztoa. Beranduegi zen, baina. Ordurako pantailan azaldu zen The day you were born horren mezua, erdaraz. Gutxi gorabehera proposatzen zidan klik egiteko beheko estekan, ni jaio nintzen egunean zer gertatu zen jakiteko.
Eskuineko eskuko hatz erakusleak klik egin zuen estekan, hatz erakuslea burua baino askoz ere azkarragoa dela berriz frogatuz. Agertu zitzaidan webgune epelak nire jaiotza eguna, hilabetea eta urtea aukeratzeko eskatzen zidan, zenbakiz, baita “M” Male –gizonezkoa- ala “F” Female –emakumezkoa- hautatzeko. Nire hatz erakusleak, nola ez, hartu zion aurrea buruari eta “03/01/1967” dataren ondoren “M” aukeratu zuen.
Pantaila epela berotzen hasi zen eta ezinezko jarrerak agertzen zituzten neska gazte lizunak agertu ziren webgunean. Neska horiek guztiak, dudarik gabe, ez ziren the day I was born horretan bertan jaioak, alegia, ni jaio nintzen egunean bertan jaioak… Ni baino gazteagoak ziren, zalantza izpirik gabe, eta ni baino politagoak, arropa izpirik gabe.
Pantailaren beroak bigarren mailukada eragin zidan goiz hotz horretan, zehaztuko ez dudan gorputz-atal zenbaitetan, batez ere. "M" aukeratzerakoan estekatuko ez dudan webgune porno kiskalgarri batera bidali ninduelako, erotismotik askoz ere harantzago doan basamortu bero-bero mugagabera. Beti geldituko zait zalantza, zer gertatuko ote zen webgune horretan jaiotze-dataren ondoren "Female" -F- aukeratu izan banu.
No comments:
Post a Comment