2009-05-17

Greba eta lengoaia

Berlingo harresia erori zenean, “historia amaitu” zela iragarri zuten guru zenbaitek; okerrena izan zen gutariko batzuek sinetsi egin zutela. Izan ere, denoi sinestarazi nahi ziguten. Bloke sozialista erori zenetik, kapitalistek hamarkada bat baino gehiago izan zuten Europaren ekialdeko herriak ustiatzeko. Baina kapitalismoa, berez, aseezina da eta, garatu ezean, krisian sartzen da.

XXI. mendean, munduan agintzen dutenek euren diskurtsoa moldatu behar zuten. Kapitalismoaren ankerkeria zuritzeko neoliberalismo hitza asmatu zuten kapitalistek beraiek. Baina kapitalismoak bere-berezko du aseezintasuna. Basapizti aseezina da -eta baita assassin ere -

Neoliberalismoaren izen engainagarriaren atzean XXI. mendeko kapitalismo basatia baizik ez dago. Eta ezerezaren gainean eraikitako oligopolioen kapitalismo finantzieroak erreka jo duenean, kapitalistek beraiek sortutako krisiaren ondorioak betikook pairatzen. Adibideak anitzak eta askotarikoak dira.

Orain neoliberalismo hitz engainagarria asmatu zutenek beraiek beste iruzur bat asmatu dute: kapitalismoaren birfundazioarena. Baina ez gaitezen engaina: kapitalismoari aurre egiteko, aldaketa soziala behar-beharrezkoa dugu; ez dago beste biderik. Ezin gara besoak antxumaturik gelditu. Beste eredu ekonomiko alternatibo bat eraiki behar dugu eta Euskal Herriak behar duen aldaketa sozialaren alde borrokatu behar dugu.

Badakit egoera korapilatsua dela; etsaiaren borroka ideologikoa oso oldarkorra da eta baldintza subjektiboak ez ditugu alde; enpresariak ongiletzat hartzen dira eta langileria ahul eta desitxuratuta dago. Bistan da, alabaina, greba orokorrerako hamaika arrazoi daudela eta maiatzaren 21ean aukera ederra dugu: lehenago lurra irauli egin behar dugu askatasun haziak ereiteko.

Datu ofizialak bertsio ofizialak bezalakoak dira: Gobernuak ematen ditu beste erremediorik ez duenean, eta, beti bere, bere alde. Baina guztiarekin ere, aitortzen dute 159.401 langabetu daudela Hego Euskal Herrian; horietako 40.000 baino gehiago Nafarroa Garaian. Urte bakar batean 53.227 lagun gehiago kale gorrian. Krisiaren aitzakiatan langileen kaleratzeak merke atera zaizkie enpresari ongile horiei. Duela urte gutxi asmatutako beste hitz bat denok asimilatu dugu: ERE delakoa. Euskaraz, zurikeriarik gabe, Lanpostuak Deuseztatzeko Espedientea izan beharko litzateke, LDE edo.

Neoliberalismo eta kapitalismoaren birfundazioaz mintzo diren horiek euren diskurtsoa garatu dute: “lanera joateko eskubideaz” mintzo zaizkigu... Nafarroan hainbat eta hainbat langile kale gorrira bota dituzten horiek beraiek asmatutako beste ziri bat; okerrena da langile zenbaiten ahotan ere entzun dudala: ohar bedi irakurlea noraino heltzen den batzuen alienazioa. Greba orokor egun batean lanera joaten denari eta greba hautsi duenari, Hegoalden bederen, hauxe deitu zaio: eskirol.

Krisiaren inguruan kalean, tabernan, azokan, lantegian mintzo diren horiei ari natzaie: leporaino nago hitz huts eta hutsalez, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da: greba egitea inoiz baino beharrezkoagoa da; ezertarako balio ez duela esaten dute batzuek; baina ez dute ezer proposatzen, euren beldurrak eta adore eza mozorrotzen dituzte.

Euskaratik bizi diren horiei ari natzaie: oraingoan euskal sindikatu guztiek deitu dute; UGT eta CCOOk egindako zerbitzuen ordainetan jaso zuten Confederación de Enpresario de Navarra delakoaren eta Gobernuaren beraren eskutik Nafarroako urrezko domina: zilarrezko 30 txanponak zenbatzen ari diren horiengandik ezin daiteke ezer onik espero: sindikatu horietako zuzendaritzek urteak eta urteak eman dituzte euren kideak apaltzen eta moteltzen; pasa den astean, estatu mailako UGTko eta CCOOko 40 delegatuk bat egin dute greba deialdiarekin, elkartasuna hitz polit bat baino gehiago delako. Greba egin behar dugunok diru gutxiago izanen dugu besteek baino, baina duintasun gehiago: duintasuna ezin baita diruz erosi.

Giza harresia osatu behar dugu enpresarien gehiegikeriak geldiarazteko; bide berriak zabaltzeko balio behar du. Ostegunean greba egitea merezi du: harrotuta dauden fatxei erantzun ederra eman behar diegu lanera joan gabe; ez gaitezen engaina, ez bilatu aitzakiarik greba ez egiteko: langile izan ala ez izan; euskaldun izan ala ez izan. Adorea, adorea eta adorea; ostegunean, duintasunaren izenean, kalera; gure seme-alaben alde, kalera; eta euren hitz politekin ziria ez digutela sartzen adierazteko, kalera: baita maiatzaren 21etik aitzina ere.



No comments: