"Poesia terminoa poesis hitz grekotik dator, eta sorkuntza, asmakizuna eta fikzioa zuen esanahia; ondorioz, obra literario oro poesiatzat jo zitekeen. Literatur teoriei begiratzen bazaie, berriz, poesia ez zen luzaroan generoetan sartu, izendatze orokorra baitzen, dramatikoa eta narratiboa biak poetikoak baitira, erran nahi baita, etimologiak dioen bezala, sorkuntza lanak.
Halarik ere, garaiez garai, poesia, eta bereziki lirika, hirugarren genero berezi gisa agertu eta finkatu da erromantizismoaz geroztik."
Euskaltzaindiak iaz argitaratutako Literatura Terminoen Hiztegi marduletik ateratako definizio etimologiko horretatik harago, gaur egun poeta dela inork gutxik aitortzen du, aitorpen hutsak zor lezakeen oihartzun isilaren beldur. Eta halarik ere, bada jenderik poesia irakurtzen duenik; areago, bada jenderik poesia idazten duenik! Irakurleren bati harrigarria suerta dakioke, jakina.
Guztiarekin ere, harriduraren marka guztiak hautsi zuen lehengoan nire auzokide batek. Igogailura sartu ginen elkarrekin: ni hirugarren solairura nindoan; auzokidea, aldiz, laugarrena. Igogailuan eguraldiaz hitz egiteko aukera paregabea profitatu ordez, hauxe galdetu zidan auzokide erdaldun peto-petoak:
- "Oye, que me han dicho que tú escribes..."
Baietz erantzundakoan, segituan beste bat:
- "¿Oye, y escribes en vasco?"
Baietz esatean, harridura marka handi bat marraztu zitzaion bere kopetaren pantailan.
- "¿Oye y qué escribes, novelas?"
Nik ipuinak eta artikuluak eta irrati-kolaborazioak eta poemak idazten ditudala esan nion; hitz batean, "poesia".
"Poesia" hitza entzutean, harridura marka erraldoi bat finkatuta gelditu zitzaion kopetan; ahoz bete hortz gelditu zen, zer esan ez zekiela; halaxe utzi nuen igogailutik ateratzean.
Ez zidan astirik eman hitzaren jatorri grekoaz jarduteko; izan ere, une ez zen egokiena horretarako. Ez zidan eman betarik esateko Nafarroako Unibertsitate Publikoko Tuterako egoitzan ospatuko dela Nafarroako Poesiaren IV. biltzarra, heldu den larunbatean, ekainaren 6an. Ez zidan denborarik eman esateko, besteak beste, Miren Agur Meabe poeta euskalduna izanen dugula gonbidatu berezia.
4. solairuko auzokidea ikusten dudanean, esan eginen diot; ea harridura marka berriz ikusten dudan bere kopetaren pantailan.
!
No comments:
Post a Comment