2009-09-08

Eurolio jaunaren mundu eroan




Auto berria erosteko animoak ematen dizkizu Eurolio jaunak, baita animoak baino gehiago ere. Izan ere, 2.000 euroko diru-laguntza ematen dizu auto berria erostean, baldin eta zaharra autoak desegiteko tokian uzten baduzu, auto zaharra ongi ibilita ere. Behin auto berria erosita, Eurolio jaunak ezarritako prezioan erregaia erosi beharko duzu, beti ere garesti ordainduta. Auto berria hartuta, kasu! Errepideak radarrez josita daude-eta; edozeinek daki isunak direla administrazio askoren diru iturri oparoa.

Panonama ikusita, auto berria aparkatzera zoazela, diru gehiago beharko duzu: Aurrera doan herrian ezer ez da doan. Izan ere, edozein hiritan aparkatzeko ordaindu beharko duzu -eta ez soilik hiriburuetan: saiatu aparkatzen Tolosan ordaindu gabe... Laster aurkituko dituzu P handiko kartel urdin handiak non-nahi, ordainpeko parkingetara eramaten zaituztenak. Baina Eurolio jaunaren erresuman harritzeko gure gaitasunak ez du mugarik. Izan ere, lur azpiko aparkalekutik ateratzean, garraio publikoa erabiltzeko kartel handia ikusiko duzu. Hau da, autoa erosteko erraztasunak eman dizkizuten horiek beraiek autoa baztertzeko eta garraio publikoa hautatzeko aholkatzen dizute... Hori bai, ekologiaren izenean! Ongi funtzionatzen zuen auto zaharra autoak desegiteko tokian uztera behartu zaituzten horiek beraiek!

Ederki! Egin dezagun! Bazter dezagun auto berri kutsagarria! Baina.. non utziko duzu auto berri-berria? Aparkatzeko plaza bat erosi beharko duzu... Eta plaza horiek ere ez dira merkeak. Honezkero, autoa erosteko diru-laguntza eman dizun administrazioak ederki berreskuratu du kurrituekin diru-laguntza... Gainera, diru-laguntza horiek gure zergen diruetatik aterako zen, zati batean bederen...

Errealitateak harritzeko nire gaitasuna jarraitzen du gainditzen.

No comments: