Hitzlandian, hitzen munduan alegia, hitzik engainagarririk bada, klaustrofobia hitza da.
Klaustrofobia irakasleontzat ez da "espazio txiki batean egoteko neurriz gaindiko beldurra izatea" (Sarasola); klaustrofobia klaustroetan etengabeko luzamenduetan eta alferrikako eztabaidatan galtzeko beldurra da: horixe bai dela klaustrofobia. Eta ziur naiz zuetako batzuk egunotan ari zaretela klaustrofobia pairatzen. Klaustroetan, badakizu... zenbat buru, hainbat aburu... Edo nahiago izatera, zenbat buru, hainbat artaburu. Esaera hau erabil daiteke klaustro batean txorrada pilo bat entzun eta irentsi behar izan dituzunean... Horrelakoetan, hausnartu gabe botatzen diren iritziek, aburuek, ez dute ez buru, ez hankarik; horregatik batzuei artaburu deitzea zilegi liteke, amodio guztiarekin deituta ere.
Esera zaharraren beste aldaera bat jefeekin erabil daiteke: zenbat buru, hainbat burutazio. Badakizu, jeferen batek ideia zoragarri bat izan du dauka... baina jefearen jefeak beste bat, eta jefearen jefearen jefeak beste bat... Horrelakoetan, bakoitzak agindu ezberdin bat emanen dizu, ustez bateragarriak, baina zinez kontrajarriak, eta zuk eginahalak egin arren, gaizki eginen duzu...
Nolanahi den ere, ez dezagun umorea gal! Eutsi!
2009-09-02
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment