2010-04-13

Yasuke


Antton Irustak duela hilabete gutxi atera duen liburu bat aholkatu nahi dizuet: Yasuke. Izen bereko ume japoniarren eskutik Japoniako bost ipuin agertzen dira liburutto honetan.

Hasierako atalean, aitzin-solas modura, Japoniako ohitura batzuk agertzen zaizkigu, Yasuke-k berak kontatuak. Yasu hitzak handiak esan nahi du eta hamar urteko Yasuke-k xalo eta ederki azaltzen dizkigu Euskal Herriko umeentzat jakingarri eta bitxi diren hango ohitura horiek: etxera sartu baino lehen umeak eranzten dituztela, arrozaren garrantzia, astean sei egunez eskolara joatearena, soba izeneko fideoena, Izanagi jainko eta Izanami jainkosarena, eta beste kontu zenbait. Izan ere, Yasukek daukan kontatzeko grinak zabaltzen die bidea liburuko bost ipuin horiei. Liburua egituratzeko eta adin horretako umeak erakartzeko baliabide ona.

Bost ipuinak erraz irakurtzen dira eta Anttonek horren berea duen formulak txertatzeko joera nabaria da: "tipi-taki, tapa-taki, norenak ote den, zeinek daki? "

Hontza eta belea izeneko alegia izan da niretzat ederrena, again Munduko gauzarik beldurgarriena kamishibai formatuan ere ezagutzen nuelako lehenagotik. Koadroko Emakumea izeneko ipuinak emakumearen rola eztabaidatzeko aitzakia ematen du; Dortoka Gorria ipuinaren oinarrian dortokak Japonian duen esanahia hobeki ulertzeko balio dezake; eta bukatzeko, Hiru altxorrak, ipuin konplexu xamarra, euskal tradizioko Hiru anaia umezurtz ipuinarekin pareka litekeena.

Bost ipuinak eta gero, ene irudikoz, egokia izanen zen gibel-solas moduko zerbait jarri izana, berriz Yasuke pertsonaiaren ahotan agur bat jarrita, adibidez.

Bestalde, Japoniako ipuinekin nahikoa izan ez, eta Txinako ipuinak irakurri nahi badituzue, Yu Ling izeneko umearen ipuin sorta duzue, izen bereko liburuan.

No comments: