2010-04-15

Arimen maisua Berriozarko Irakurle Klubean

Atzo iluntzean, Irène Némirovsky-ren Arimen maisua liburua izan genuen mintzagai Berriozarko Irakurle Klubean.

Oro har, liburua gustura irakurri dugu gehienok. Pertsonaiak, xake piezak balira bezala, ederki mugitzen ditu idazleak liburuan zehar. Idazleak ibilbide garbia marraztuko zuen, antza, liburuan kontatzen diren istorioak idazteari ekin aitzin.

Protagonista, Dario “txerpolaria”, dotorea da lanbidez, baina ez moralki dotore, nahiz eta Arimen maisua izatera heldu.

Denok ados agertu ginen Dario-ren Clara emaztearen papera definitzerakoan: ikaragarria, gogor-gogorra, zinez. Liburuaren 33. atala bereziki azpimarratzekoa iruditu zitzaigun batzuoi Clara-ren jokaera ulertzeko (edo). Maitasuna itsua dela aldarrikatzen duenak badu atal horretan adibide garbi bat...

Finean, Dariok egiten duen guztia, zertarako eta eleberriaren bukarean sema galtzeko. Beraz, Darioren bizita frakasoa da, gehien maite duena, Daniel semea, joaten baitzaio... Edo ez? Hau blog bat denez, zuen iruzkinen zain gauzkazue...

Nolanahi, oso eleberri ona, ederki itzulita eta guztiz gomendagarria.

Halabeharrez, -ezen ez hala beharrez- gure Irakurle Klub honen aurreko eleberriko Bruno, pijama marradunaz jantzitako mutikoa, Auschwitz-en hil zuten, eta oraingo eleberrigile Irène Némirovsky ere Auschwitz-en hil zuten... Bitxia da, gero!

Irakurle Klubean irakurritako bi liburu horiek itzulpenak ziren, euskarara ekarriak, nolabait esateko. Hurrengo liburua, aldiz, euskaraz sortua da: Mendeko borroka, (Assalto a Roma) Fertxu Izquierdok idatzia.


Fertxu Izquierdo 1975ean sortu zen, Txantreako Errepublika Poetikoan. Hala izanda, poeta da berez, baina prosa ere idazten du: horren adibide, Mendeko borroka liburua, Berriozarko liburutegian, maiatzaren 19an, arratsaldeko 7etan, mintzagai izanen duguna. Fertxu Izquierdo bera gurekin izanen da eta saioa irekia izanen da. Hortaz, nahi duen orok parte har dezake, nahiz eta Irakurle Klubekoa ez izan... Hilabete duzue liburua irakurtzeko. Animo!


Argazkikoak badira ere, ez dira dauden guztiak

No comments: