2010-08-15

Ivan Sergeievitx Belinski lotinantaren eskuizkribua

Kursk urpekuntzi nuklearra, -KYPCK 141- duela hamar urte hondoratu zen Barents itsasoan. Betiko. Gaur betetzen dira hamar urte Ivan Sergeievitx-ek, Kursk urpekuntzi horretako eskifaiako kide batek, eskuizkribu hau idatzi zuenetik.

Errusiako Armadako lotinant hau izan zen. segur aski, hiltzen azkena, hamar urte igaro eta gero azaleratu den eskuizkribu honek frogatzen duen gisara.
Errusiako legeek agintzen dutenari jarraiki, hamar urteko epea izan dute gorderik dokumentua eta, azkenik, argitaratzeko aukera dugu, dokumnetua oso-osorik ez dugun arren.

Belinski ofizialak eskuko kaiera militar txiki batean jaso zuen, idazkera ziriliko ederrez, azken egunetako gertaeren sekuentzia. Tamalez, Errusiako Armadak ez du baimenik eman abuztuaren 12tik 14ra bitarteko oharrak kaleratzeko, segurtasun arrazoiak direla kausa, eta soilik azken egunekoa dugu irakurgai, hamar urte igaro diren egun berean argitaratzeko baimenarekin.


2000ko abuztuaren 15a

07:30

Bi egun leherketa gertatu zenetik. Eskifaiako beste kideak hirugarren, laugarren eta seigarren konpartimentuetan gelditu ziren eta azken hogeita lau orduotan ez dugu haien berririk izan. Hamaikagarren konpartimentu honetan Yuri Nikolaievitx, Alexandr Vasilievitx eta hirurok baino ez gara bizirik gelditzen. Ez dugu deus jan-edan istripua gertatu eta brankako konpartimentuetara biltzeko agindua jaso genuenetik. Kanpoko zaratarik ez.

Larrialdietako bateriei esker lanpara bat dugu piztuta eta argi motelak uzten didan bitartean idazten jarraituko dut paper honetan. Istripua gertatu zenetik hirurogeita hamabi ordu pasa dira; gu aurkitzeko eta onik ateratzeko aukera gero eta urriagoak dira. Honezkero, denak hilik behar dute, gu izan ezik. Gu oxigeno-nahastura honekin gehienez beste hamabi edo hamalau ordu gehiago bizi gaitezke.

Torpedoen inguruko konpartimentuetan oxigeno botilak egon badira, zazpigarrenean behintzat, seguru. Gure konpartimentuaren ateska zabaltzeko eta ondoko konpartimentuetatik zazpigarrenera joateko agindu diot Yuri Nikolaievitxi, baina ez du nire agindua bete zeren zortzigarren, bederatzigarren eta ondoko beste konpartimenduak urez betetzear omen daude. Kargu hartu diot eta arau-hauste larritzat jo daitekeela jakinarazten diot. Hortaz, idatzita jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan idatziz jaso dut hau guztiau. Tamalez, ez dut arauzko pistola nire agindua betearazteko.


10:30

Duela ordubete Yuri Nikolaievitxek zerbait entzun omen du ateskaren beste aldean. Esan eta esan egin du benetan zerbait entzun duela. Yuri Nikolaievitx tematu da eta errespetu falta nabariak egin ditu. Burutik eginda dago. Armategiko arauzko pistola hartu izan banu, erabil nezake.

Larrialdietako baterien indarra ahulduz doan heinean, lanpararen argia gero eta motelagoa da. Nekez ikusten dut nigandik hiru metrora dagoen Alexandr Vasilievitx; lasai dago, antza. Susmatzen dut berak ere badakiela laguntza taldeak ez direla garaiz iritsiko ehun metroko sakonera honetarino.

Yuri Nikolaievitxek lehengo lepotik burua. Alexandr Vasilievitxek neurriak hartu behar izan ditu isilarazteko eta Yuri Nikolaievitx isildu da.


11:30

Jadanik ez dut Alexandr Vasilievitx ia-ia ikusten. Argia gero eta motelagoa da. Yuri Nikolaievitx txokoan sumatzen dut, oraindik bizirik. Hirurok biziz gero, sei ordu baizik ez zaigu gelditzen, nire kalkuluen arabera.

Hots karrankaria entzuten ari naiz. Ura sartzen hasi da Yuri Nikolaievitxek konpartimentuaren atexka zabaldu dueneko seinale.


Horiek dira, beraz, Ivan Sergeievitx Belinski lotinantaren azken hitzak. Espero izatekoa da kaiera militar horretako beste orriak noizbait irakurtzeko aukera izanen dugula, beste hamar urte igaro gabe.

No comments: