Atzo ostirala zen,
eta ostiralero bezala kale agerraldi xumea egin genuen Berriozarren,
presoak gogoan. Beste ostiral bat. Eta beste ostiraletan bezala,
beste euskaldun asko errepideetara ateratzen ari ziren bisitak
egiteko; nire lagun bat, adibidez, Zarautzetik Alacant-erako bidea
ari zen hartzen gu dispertsioa salatzen ari ginen une berean. Baina
atzo, egun berezia zen, maiatzaren 15ean dispertsio politikak 26 urte
bete dituelako: Done Isidro egunez, duela 26 urte hasi ziren preso
politikoak sakabanatzen.
Dispertsioa
salatzeko eta presoen eskubideen aldeko ekimenak biderkatzen dira;
horra hor Lasterbidean, euskal errepresaliatuen eskubideen
aldeko nazio lasterketa ekainaren 7an Berriozarren ospatuko dena.
Baina batzuk ez gara korrikalariak, eta irudiekin —eta hitzekin—
jolasten gara, eta guk ere egin nahi genuen gure ekarpen txikia. Izan
ere, hauteskunde garaian egonik ere, gu ezin gara ahantzi presoen
egoera larriaz ezta astebururo bisitak egitera joaten diren senideen
egoeraz ere. Horregatik atzo Jareren asteburua izeneko
laburmetraia estreinakoz eskaini zen Berriozarko Kulturgunean
Dispertsioa presoek
ez ezik senideek ere pairatzen dute, eta senideen bidaia luzeak
grabatu dira behin baino gehiagotan. Guk zerbait ezberdina egin nahi
izan dugu. Ez dugu egin nahi izan jadanik egina zegoen zerbait.
Senideen bidaia luzeak kontatzen dituzten bideoak eginak daude;
luzeak, eta laburrak; guk beste zerbait kontatu nahi izan dugu,
neskato baten asteburu arrunta: Jareren asteburua. Izena aukeratzeko
arrazoi nagusi bat izan dugu: Jare izenak askatasuna esan nahi du.
Egitasmoa duela
hilabete batzuk hasi zen, eta jadanik ez da egitasmoa, egiteko asmoa
gauzatu delako. Proiektu honetan ibili garenok ez gara ez senide, ez
ahaide; ez gara astebururo joan behar; baina zerbait egin nahi genuen
euren alde. Nik idatzi nuen Jareren Asteburua, eta Maiatz
aldizkariaren apirileko zenbakian argitaratua dago, eta hori izan da
nire ekarpen xumea. Askoz ere meritu handiagoa dute besteek:
irudigileak, esatariak, teknikariek, gidoilariak eta, nola ez,
zuzendariak. Harrokeriarik gabe, baina harrotasun puntu batez
aitortuko dut elkartasun proiektu honetan parte hartu dugun guztiok
berriozartarrak garela
Egitasmo xumea zen
eta gaur egun egitasmo izatetik produktu izatera pasa da; asmatu
dugun edo ez, zuek esan beharko. Ongi eginak kontuan hartu, gaizki
eginak barkatu.
Ardien kulpak,
bildotsak ordaindu, dio esaera zahar eta krudel batek; dispertsio
politika bezain zahar eta krudela.
No comments:
Post a Comment