Glaila
izeneko neskato sahararrak Berriozarko gure etxean ematen ditu udako
hilabete beroak. Duela bi urteko abenduan gu joan gatzaizkion bisitan
errefuxiatu bizi den kanpamentuetara, Aaiun izenekora. Berriozarko
gure etxean ahaztutako esnezko hortz bat eraman genion. Aurreko udan
erori zitzaion, eta gorderik egon zen egurrezko kutxa txiki batean
eman genion. Orduan, istorio polit bat kontatu ziguten, tearen
inguruan sortzen diren istorio horietako bat.
Glailaren
aitak kontatu zigunez, umeari erortzen zaionean esnezko hortz bat,
eguzkiari eskaini egiten zaio Saharan, hauxe esaten den bitartean:
“Tori asto-hortz hau eta eman jirafa hortz bat”. Antza, jirafaren
hortza astoarena baino askoz ere gogorragoa omen da, eta ume
sahararrak gogorrak izan behar dute hamadan bizi direlako,
basamortuaren basamortuan, udan 50 graduko bero kiskalgarria
pairatzen, Marokok lapurtutako dien Mendebaldeko Saharara noizbait
itzultzeko itxaropena galdu gabe.
Egin
berri ditugun eskabideak eginda, uda honetan ere Glaila izeneko
neskatiko sahararra gurera etorriko da, basamortutik gure artera,
baina badira oraindik ere ume saharar gehiago etortzen ahal direnak
familia gehiago animatzen badira, animatzen bazarete. Udan ume
saharar bat ekartzeko aukera oraindik dukezu, atzo Katakrak-en
Sahararrek Nafarroan duten
ordezkariak eta ANAS elkarteko presidenteak
eman zuten
hitzaldian azaldu bezala.
Inork
interesik badu, jarraian bideo bat ikus dezake,
Berriozarko lagun batzuen esperientzia biltzen duena. Bideo horren
bukaeran agertzen diren telefono eta posta elektronikoan ume bat
ekartzeko informazio osoa emanen dizuete.
“Tori asto-hortz hau eta eman jirafa hortz bat” kontatu zigun
Balalek, Glailaren aitak... Balal bezalako hamasei gizon sahararrek
Fronte Polisario sortu zuten, Zuerat-en, Mauritaniako basamortuan:
etzi, maiatzaren 10ean, berrogeita bi urte beteko dira
Duela gutxi hil den Eduardo Galeano uruguaiarrari irakurri nion:
Sahararrek
euren buruari Hodeien
seme-alabak
deritze,
beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek
justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain
zaila aurkitzen.
No comments:
Post a Comment