2015-12-15

Kalashnilova basamortuan

Ez naiz oroimen eskasekoa, baina eskuetan su-arma bat eduki izanaz ez naiz oroitzen. Eta su-arma bat kontu makala ez denez, ez dut uste ahantzi zaidanik. Su-arma bat eskuetan hartzeko aukera duela bi urte izan nuen, Saharara egindako bidaian, errefuxiatuen kanpamenduetatik urrunduta, dunak ikustera joan ginen batean. Eskolta lanetan aritzen ziren polisarioetako batengana hurbildu nintzen eta berarekin argazki bat ateratzeko baimena eskatu nion. AK 47 bat, kalashnikov bat, bazuen eskuartean Fronte Polisiarioko kideak, eta baietz, argazkia berarekin ateratzeko arazorik ez zegoela. Zertan ukatu, tentatuta ibili nintzen kalashnikova hartzen eskatzeko, ez tiro egiteko, jakina, baizik eskuetan izateagatik fusil mitiko hori; baina jostailua ez denez, eta ez nion eskatu: ez nuen konpromiso batean jarri nahi izan. Argazkia eginda, dunetan barna urrundu zen polisarioa, gu hobeki zaintzeko agindu zioten lekuraino. 

 
Euskalerrira itzuli eta handik egun gutxira albistea eman zuten, Mikhail Kalashnikov, izen bereko fusil horren sortzailea hil zela Errusian, 96 urte zituela. “Fusil batekin ezin da lurra irauli, ezin dira lurrean ildoak egin ereiteko; baina fusilik gabe, lurra ere ezin da defenditu”. Hori esana utzi omen zuen fusil mitiko horren asmatzaileak.

Aurten ez naiz Saharan egon. Emaztea eta alaba bai, handik etorri berriak dira, errefuxiatuen kanpamentuetatik. Segurtasun neurriak zorrotzagoak izan dira aurtengo bidaian, segur aski etzi, Fronte Polisarioak Dajlan hasiko duen kongresu erabakigarriaren karietara. Laster 40 urte basamortuan errefuxiaturik daraman Saharako Herriaren norabidea zehaztuko da. Kalashnikovaren bidea utzi zuten sahararrek 91n, su-etena aldarrikatu zutenetik erreferendum bat egiteko baldintzapean; haatik, erreferendum hori ez inoiz gauzatu, eta Marokok Mendebaldeko Sahara zapaltzen jarraitzen du. Espainiak ere erantzukizun handia dauka, eta datorren igandeko bozen ondorioz sortuko den Gobernuak ezin du jarraitu ezikusiarena egiten. Izan ere, sahararren pazientzia agortzear dela, Nazioarteko Komunitateak egiten duena baino zerbait gehiago egin beharko luke sahararrak euren lurraldera itzul daitezen 40 urteko erbestealdiari amaiera emanda, berriz ere kalashnikovaren bidea hartu behar ez dezaten.

No comments: