Batzuk ez dugu
euskara etxean jaso, ezta eskolan ere, eta euskara zenik ere ez
ziguten erakutsi arauzko hezkuntzan. Baziren, halere, nolabaiteko
euskal kutsua ikusten uzten zuten maisu-maistra gutxi batzuk. Luchi
horietako bat zen. Iruñerriko institutu batean aritzen zen Luchi,
eta berak zioenez, leinu batek, giza-talde batek, bete buruari
deitzeko orduan, gizaki deitzen dio berez. Adibidetzat ematen
zuen hinuit-ek bere buruari deitzeko euren hizkuntzan
erabiltzen duten hitza horixe dela, gizakia alegia. Maistra
horrek erdaraz ematen zituen eskolak, baina hinut-en adibidea eta
gero, hizpidera ekarri zituen euskaldunak edo eskualdunak: eskualduna
omen da eskua duena eta eskua erabiltzea, baliatzea, gizakiaren
bere-berezko ezaugarria dugu, bertze ezein animaliak ez bezala.
Ez dakit Luchi
izeneko hori euskalduna zen, baina Luchiren pasadizo hori berpiztu da
ene baitan Agurtzane Anduetzaren azken liburua, Eskualdunaren
Gakoa, Sarako Idazleen Biltzarrean hartu eta irakurtzean.
Agurtzane Iruñean sortu zen, baina aspaldi bizi da gure herria
erbibitzen duen mugaldeko herri batean, Zugarramurdin; margolaria,
eskultorea eta baita idazlea ere... hitz bakar batez, artista.
Agurtzanerena poema bakarreko liburua da, bertsolerro bakoitza artistaren marrazki ederrez apaindurik; testua eta marazkia uztarturik doaz, eta bukaeran testua bera hainbat hizkuntzatara itzulia -edo egokitua, hobe erranda- frantsesez, gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez, beste hainbeste ate zabaltzen duena.
Erraz eta plazera handiz irakurtzen den liburua Baionako Maiatz-en eskutik —nola ez!— agertu zen Amotzeko Larralden —non, bestela!— iazko ekainean, baina ene eskuetara heldu berria da, Sarako Idazleen Biltzarrean; Agurtzane Anduetza Iruñean sortua izanik ez legoke sobera liburutto honen aurkezpen bat hiriburuzagian ere egitea, esku-aldunak ahalduntzeko bidean.
Baina, oraingoz Agurtzaneren obra hobeki ezagutzeko hitzordua dago ezarria datorren larunbatean, hilaren 9an, iluntzeko 9etan, Sara herrian, tabako eta prentsa dendaren parean: irakurraldia euskaraz eta fransesez eginen da, eta hauxe da iragartzen dena: sosegu goxoa, giltza bilaketa, poesia doi bat, filosofia zantzuak eta berotasun handia...
Agurtzane Anduetzarekin, Larralden
No comments:
Post a Comment