2018-03-01

Emakume samurai ospetsuenak


Gaur zortzi Emakumeen Nazioarteko Eguna izanen dela eta, emakume-samuraiak ekarri nahi ditut blog honetara, zeren eta badakit, jakin, Iruñerriko eskola batean Japonia lantzen ari direla.

Emakume-samuraiak ere egon ziren, onna-bugeisha direlakoak, gizonezkoen pare borrokatu zirenak; goi mailako bushi kastakoak, ohorea eta etxea defenditzeko armak baliatzen trebatuak, senarrak edo beste ahaideak gerran zeudalarik.



Onna bugeisha-k emakume gerlariaesan nahi du, eta emakumeentzat katana baino egokiagotzat jotzen zituzten beste armak erabiltzen zituzten, hala nola arku eta geziak edota naginata (xafla kurbaduneko alabarda moduko bat, goiko irudikoa); halaber, arinak eta txikiak beste arma batzuk baliatzen zituzten, daga baten moduko kaiken eta tanto direlakoak.




Emakume-samurai hauen urrezko garaiak Heian garaia (794-1185 K.o.) eta Kamakura garaiak (1185-1333 K.o.) izan ziren, eta Edo garaian euren garrantzia txikiagoa izan zen. Halere, emakume-samurai batzuek, urteak joan eta urteak etorri, tradizioari eutsi zioten, XIX. mendeko txuri beltzezko argazkiek erakusten dutenez, argazkietako emakume batzuk modeloak izan litezkeen arren.

Denboraren joanak ez du, haatik, emakume-samurai batzuen izenak ezabatzerik lortu, eta gaur egunera arte emakume-samurai horietako batzuk ezagutzen ditugu, baita euren historia ere; ongi ezagutu ere kasu zenbaitetan, gutxi-gorabehera beste bezbaitetan. Zerrendan daudenak badira ere, izanen ziren beste anitz zerrenda honetan ez daudenak; nolanahi, hona hemen, Japoniako bost emakume-samurairik ospetsuenak: 

Jingu enperatriza


Emakume-samurai ospetsuena Jingu enperatriza (169-269 K.o.) izan zen, Korea konkistatu nahian Chuai senarra hiltzean bere ordez jarri baitzen buru, bai armadan baita gobernuan ere. Alabaina, Jinguren historia zalantzazkoa da, eta aditu askoren iritziz, litekeena da elezahar bat izatea, eta ez benetako historia.




Tomoe Gozen



Era berean, zalantzazkoa da Tomoe Gozen-en historia. Genji eta Heike klanen arteko gatazketan aritua, Tomoe Gozenen balentriak XIII mendeko Heike Monogatari poema epikoan jasota daude, baina mende bat lehenagoko gertakariak dira bertan kontatzen zaizkigunak. Bertsoen bidez kontatzen da nola dama hau, zaldun aparta izateaz gain, arku eta naginata erabiltzaile trebea ere bazena, Kioto hiriaren konkistan aritu zela, oso argi ez dagoen kontua, Tomoe Gozenik izan zenik ere oso argi ez dagoen gisa berean. 

Batzuek diotenez, Awazu-ko guduan hil zuten, Minamoto no Yoshinaka senarrarekin batera; beste batzuek diotenez, aldiz, senarra exekutatu egin zuten, shogun batek etoikeriaz akusatuta, eta Tomoe Gozen ez zen emaztea, zerbitzari bat baizik; beste bertsio baten arabera, berriz, guda horren ondoren ezkondu omen ziren. Batek daki




Hojo Masako



Genji eta Heike klanen arteko gatazka horretan bertan ere beste onna bugeisha ospetsu bat ere borrokatu zen, Hojo Masako, eta, antza, hau bai benetakoa izan zela. Shogun baten alaba, beste shogun baten ama eta beste shogun baten emaztea izan zela jasota dago. Senarra hil eta gero, armak baztertuta, moja bihurtu zen... baina geroago, moja izateari utzi eta armen bideari ekin zion berriz ere, moja shogun ezizenez ezagun bihurtu, oso bitxia izan ez zen zerbait, ezizen bera eman baitzitzaion Tomoe Gozen-i ere, bere bizitaren inguruko bertsio anitzetako baten arabera. Bizitza korapilotsua izan zuen, liskar eta azpijokoz betea, harik eta Hojo Masako 69 urte zituela hil zen arte.






Mochizuki Chiyome



Emakume-samurai baten aldaera dugu XVI. mendeko Mochizuki Chiyome izenekoaren kasuan: senarra gudu batean hilda, Takeda Shingen daimyo-k edo jauntxoak emakumezko agente sekretu sare bat osatzeko agindua eman zion, kunoichi izeneko emakumezko agente sekretuak: espioiak, mezu kodetuen eramaileak, etsai nagusien akabatzaileak... Haien arrastoa, itxauraldatua bada ere, bideojoko eta anime zenbaitetan aurki dezakegu.




Nakano Takeko



Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa, Nakano Takeko ekarri behar dugu lerrotara, ez baita Erdi Aroko pertsonaia bat, XIX. mendekoa baizik (1847–1868). Joshitai izeneko emakume-samuraien taldeko burua izan zen Aizu batailan, Bolshin guduan, Tokugawa shogunaren eta enperadoreari boterea itzuli nahi zioten klanen arteko Japoniako gerla zibilean. Post honetako lehen bi irudiek horren berri ematen digute. Emakume-samurai taldean aitzindari, Nakano-k, eskuan naginata zeramala etsaiei eraso egin zien harik eta tiro batez (gezi batez, beste bertsio batean) zauritu egin zuten arte; orduan, gatibu izan baino lehen, bere buruaz beste egin zuen seppuku eginda, burkide leial batek lagunduta —burua moztuz— batailaren erdian. Fukushimako Hōkaiji tenpluan ehortzi zuten taldekideek, eta urtero egiten da bertan haren omenezko ekitaldi bat.







No comments: