2019-04-06

M1ekoLak

Gaur arratsean pasatuko da Korrika Ezkaba mendiaren magaletik. Bart, honen atariko eta Korrika kulturalaren baitan, Minutu Bateko Eleak ekimena egin genuen Berriozarko Herria ostatuan, ohi den gisara.

Ekitaldi xumea bada ere, badu bere xarma, eta atzo dozena bat lagun baino gehiagok parte hartu genuen, mikrofonoaren aitzinean nork bere testua -maileguan hartua edo espreski sortua- irakurtzeko. Testua, izenburuak berak agintzen duenez, ezinbertzez laburra, minutu bat baino luzeagoa ezin baita izan!

Duela hamar urte abian jarri genuen ekimeneko argazkiak ikustean, hor agertzen zaigu Pello Uharte Orotz zena, guretzat lagun eta eredu, maisu eta burkide, baita bertze lagun zaharrak ere ere, gaur egon ez direnak...

Nik atzo olerki ttipi hau egin nuen:


Zurekin izandako
une goxoak
marmol-harrian behar ditut zizelkatu,
eta zurekin izandako
haserraldi gorriak
hondartzaren harean
behar ditut zirriborratu,
olatu harrotuek azkar
ezaba ditzaten.





Liburutto batean bildu dira testuak eta bost euroan salgai jarrita, lortutako dirua Korrikari laguntzeko bideratuko da.


Gora Euskara, gora Korrika eta gora Berriozar!

No comments: