2019-08-20

Nekeetan, irria ezpainetan


Gaur urtebete hemodialisian hasi nintzela Nafarroako ospitalean. Egin zidaten giltrurrun-trasplantea ez zen ongi joan eta iragan den udan giltzurrun hori galduko nuela iragarrita, hemodialisiarekin hasi behar nintzela agindu zidaten. Arrazoi medikuak medio, ezin berriz hemodialisi peritoneala egin, lehen etxean egiten nuena. Hori dela eta, hemodialisiak erabat aldatu dit bizimodua, astean hiru egun ospitalera etorri behar baitut, lau ordu eta erdiz, hemodialisia egitera. Urtarrilera arte astearte, ostegun eta larunbatetan etortzen nintzen, baina urte hasieratik, txanda aldatuta, astelehen, asteazken eta ostiraletan egoten naiz makinari lotua, beti ere goizez. 

Makinak hizpidera ekarrita, Baxter izeneko amorante irlandarraren ordez, batzuetan Alemaniako Fresenius makina batekin egin didate noizbait baina batez ere Nikkiso izeneko makina japoniar baten bidez egiten didate Bideko Ama Birginaren eguneko ospitalean. Etxeko dialisisan ez bezala, amorante bi hemen, baten ordez. Hainbeste denbora amoranteekin emanda, blog hau pixka bat utzia izan dut, eta hasi nintzenetik estreinakoz, uztail honetan ez dut testurik eman argitara. Garai txarrak lirikarako.

Hartara, urtebete emanda, garai ona da hausnaketa txiki bat egiteko. Aitortu behar dut uste baino gogorrago ari zaidala egiten, batez ere dialisi-egunetan pattal eta makal egoten naizelako egun osoa, buruko minak jota anitzetan. Bestalde, urte luze honetan sendagile batekin baino gehiagorekin egokitu zait eta ikaspen bat atera dut argi: sendagileen iritziz, errugabetasun-presuntzioa ez dagokio sekula gaixoari, eta analisiek diotenari itsuki jarraitzen diotenez gero, zerbait ez bada atera beraiek aurreikusi bezala, "errua" gaixoarena da. Erlijio-similekin jarraiki, badakit "inor ez dela bekatutik libre jaio", baina ez dut batere ongi eramaten sendagile batzuek duten jarrera jainkotiar hori, gaixoarengan "bekatuaren zama" uzteko joera alegia.

Kontu horiek gorabehera, hemen natza Japoniako Nikkisori loturik, bertze goiz batez, denbora nahi baino motelago pasatzen delarik... Eta esaera zaharrari helduko natzaio: "Nekeetan, irria ezpainetan"

No comments: