2023-05-11

Eric Dorman-O'Gowan Ernest Hemingway-ren lagun irlandarra

 


So we’re going to live” “Biziko gara, beraz” esan zion Britainiar Armadako komandanteak Ernest izeneko gazteari. 1918ko azaroaren 11 zen, armistizioa iragarri berria, bost urteko gerla amaitutzat emanda; “Biziko gara, beraz” esan zion ofizialak Milango Anglo American Club-ean ondoan zuen gazteari, astebete lehenagotik baino elkar ezagutzen ez zuten arren. Biak ala biak gerran kolpatuak izanik, eriondo, bazuten pozik eta uros egoteko arrazoi nahikorik, armistizioa aldarrikatuta, lubakietako infernu gorrira ez baitziren itzuliko.

 

Elkar ezagutu zuten unetik, Ernest gazteak berehala antzeman zion Eric Dorman-Smith ez zela ofizial arrunt bat, “ordinary” hitzak dituen ñabardura guztiekin; ez, gizon hori ez zen, ez normala, ez narrasa. Jite interesgarri eta hizkera dotorekoa, punttu aristokratikoa zerion hitz jario neurritsuari; halere, bazuen doinu berezi bat; nondarra ote?

 

- English?

- Irish!

 

Gazte amerikarrak jaso zuen erantzun irmoak susmo guztiak baieztatu zizkion:

Britainiar Armadako ofizial bat, Royal Northumberland Fusiliers-en uniformez jantzia eta bularraldea dominez betea, irlandarra izateaz harrotasunez ihardetsi ezagutu berri duen bati, bi urte lehenago Dublinen sortutako Eastern Rising edo Aste Santuko Matxinadaren oihartzuna artean itzali gabea zelarik… Ez, ez zen an ordinary man.  

 

Artean Ernest Hemingway ez zen idazle ospetsua, ez zen Nobel sariduna, gerlan ibilia zen Italiako frontean anbulantzia baten gidari; zauritua bai, eta bazuen Italiako Gobernuak emandako domina bat, baina txikikeria bat Eric Dorman-Smith-en ibilbide militar oparo eta arrakastatsuaren aldean: Mons, Messines, Armetières eta Ypres-eko hilkintzetan ibilia, hiru bider zauritua, hasieran lotinant, gero kapitain, orain komandante, bere manupeko brigada oso bat artez eta adorez sarraskitua izatetik salbatzeagatik ohoratua… Chink deitzen zioten beste ofizialek eta lagunek; Ernest gazteak miresmenez begiratzen zion bakarrik bost urte zaharragoa zen baina bizitzak emandako kolpeen ondorioz hamabost urte zaharragoa zirudien gizon segail bibotedun horri… Ernest gazteak ere, lagun-min bilakaturik, laster deitu ahal izan zion Chink.

 

Adiskidetasun hori, urteen joan eta urteak jin, bizkortu, azkartu egin zen, eta Parisen elkarrekin eman zituzten asteak 1922an, Ernest Hadley emaztearekin bertan bizi eta kazetari freelance aritzen baitzen. Are gehiago, Ernestek gonbit egin zion Montrealera joan zitezen mendian ibili eta arrantzan aritzera elkarrekin.  Handik gutxira berriz elkartu ziren, non eta Kolonian, ordurako Hemingway Toronto Star egunkarirako berriemaile zebilela. Uda horretan Parisen elkartu ziren berriz, eta garai hartako Intelligentsia osatzen zuten idazleen eta intelektualen artera sartu zen Ernest Hemingway-ren eskutik, eta hor Chink-ek ezagutu zituen, besteak beste, James Joyce irlandarra, Ezra Pound poeta, Gertrude Stein, Ford Madox Ford eta John Dos Passos idazleak…

 

Urte horretan eman zuen argitara Hemingwayk bere lehen liburua, In Our Time, eta liburu hori nori eta Eric Dorman-Smith adiskideari dago eskainia, eta ez  goian aipaturiko idazle garaikide handi horietako bati, liburuan Eric Dorman-Smith-en beraren anekdota zenbait, Mons-eko guduketakoak, aipatzen dituelarik.

 

Eric Dorman-Smithek bisita egin zion atzera 1924ko martxoan. Izan ere,  amerikarraren eskariz irlandarra haren seme John-en aita-pontekoa izan zen.

 

Uztail horretan, Hemingway eta Dorman-Smith, John Dos Passos, Robert McAlmon eta Donald Ogden lagunekin batera, Iruñeko Sanferminetara etorri ziren, eta Ernest Hemingwayk The Sun also Rises – Fiesta eleberria idazteko baliatu zuen bidaian bizitutakoa. Izan ere, Eric Dorman-Smith-en ezaugarri zenbait Wilson-Harris pertsonaiarengan aurkitzen ahal dira.

Baina Euskal Herrian elkarrekin berriz egon ziren, hogeita hamar urte pasaturik, Irati ibaiaren inguruan, arrantzan eta, orain dela hogeita bost urte egindako Itoitzeko urtegiak uz-azpian utzitako lurraldeetan. 


Orduarako Ernest gizon heldua zen, kazetari eta idazle ospetsua, Nobel sariduna, eta Chink-ek Chink izaten jarraitzen zuen, baina Eric Dorman-Smith izena aldatua zuen eta Eric Dorman O’Gowan zuen izen ofiziala, soinu irlandarragoa zuen eta.

 

Chink ere ospetsuagoa zen, Bigarren Mundu Gerlan Afrikaren Iparraldean ibilia baitzen Armada Britainiarrean goi mailako agintedun, Rommel-i aurre egiten, non bere abilezia eta trebetasuna agerian utzi zuen. Haatik, Winston Churchill-ek Britainiar Armadaren porroten paga-burutzat hartu zuenez geroztik, 1944an baztertua izan zen eta Chink Irlandara, sorterrira, itzuli egin zen.

 

Handik urte gutxira, 1950eko hamarkadaren hasieran, Irish Republican Army (IRA) Irlandan bitan zatikatzen zuen —eta duen— mugaren aurkako kanpaina militarren zebilen; bada, nor eta Eric Dorman O’Gowan ibili zen aholkulari IRArentzat buru eta bihotz.

 

Ernest Hemingwayk Chink ezagutu zuelarik bete-betean asmatua zuen, bistan da: Eric Dorman-Smith, gerora Eric Dorman-O’Gowan bilakatua, ez zen gizon arrunt bat izan, “an ordinary man”, hitzak dituen ñabardura guztiekin; ez, gizon hori ez zen, ez normala, ez baldarra, ez narrasa, ez, utzia, ez axolagabea.

 

Gaur bezalako egun batean hil zen, maiatzaren 11n, 1969an, sorterrian, Cavan konterrian, 73 urte zituela.

 

Ernest Hemingway-k lehenago hila zen, jakina denez, baina, bukatzeko, agian egokia da gogoratzea Parisen 1924an idatzi zuen olerkia, parrandan, mendian eta arrantzan elkarrekin bizitutakoak gogoan eta Chink laguna militarra izanik hil zitekeela kontuan hartuz:

 

Chink-entzat, ofizioan sendotzen ari delarik


Zure gorpua jasotzean

Itsuski estutua zure aurpegia

Egoera argiki azalduta

Herioren eskutik

Ez dugu sinetsiko joana zarela

Zure botak gehiegitan erori dira

Garagardo on-ona gehiegitan edan dugu

Egunsentia ikusiak gara gu

Eta euria madarikatu dugu

Eski-pista hondatzeagatik

Edo ibaiko ura uher bihurtzeagatik

Arrantzarako euliak alferrikako bihurturik.

 

Paris, 1924 

 

No comments: