
Lehenik,
agur bero bat bidali nahi diegu amerikar guztiei.
Espero dugu zu ez izatea aurreko presidentea bezalakoa, Sahara
Marokoren zati bat dela esaten zuen hori bezalakoa, hori egia ez
delako.
Gu errefuxiatu kanpamentuetako neska-mutilak gara, eta bertan 45
urte daramatzagu. Pobreak gara gure Lurraldea ez dugulako eta Donald
Trumpek gure ametsa hautsi zuelako, baina orain esperantza dugu
zuregan, erbesteaz nekatuta gaude eta.
Gu neska-mutilak garenez gure hondartza politetan egon eta igeri
egin nahi dugu, eta gure arrain gozoak jan, eta gure airea arnastu
nahi dugu. Gure Lurraldean nahi dugu bizi eta bakean nahi dugu bizi,
eta munduan gerra gehiagorik ez dugu nahi, are gutxiago hemen.
Nahi dugu zuk jakitea zurekin kontatzen dugula, eta gure
Lurraldera itzultzeko gogoari ez diogula sekula etsiko, gure odola
delako.
Gu ongi gaude, baina gure aita eta anaia askok gerrara joan behar
izan du, Marokok Mendebaldeko Saharan gure jendea jotzen,
gartzelaratzen eta hiltzen duelako.
Zuk erokeria hau geldierazten ahal duzu, urteak daramatzagu
bakeari eusten eta erreferendumaren zain.

Eskutitz hau idazten dizugu zure lagntza eskatzeko, gure
Lurraldera itzultzen laguntzeko mesedez, gure kaleetan barna paseatu
nahi dugulako, zeruko izarrak ikusi eta gure Lurraldean zahartu ahal
izateko. Ez dugu nahi gure aiton-amonei gertatutakoa gure gertatzerik
nahi, gure Lurraldean lurperatuak izan gabe hil baitziren.
Ez dakigu eskutitz hau emanen dizuten eta irakurriko duzun ala ez,
baina zure eskuetara heltzen bada, zure erantzunaren zain gaituzu,
gerraren amaiera ekar lezakeelako, eta inor gehiagorik ez da hilen,
errefuxiatu izateari utzi eta aske izanen gara, independentziaren
alde egin eta gure Lurraldera itzulita. Eta kanpamentuetara bisitan
etortzera gonbidatu nahi zaitugu, gure aiton-amonekin elkartu eta
ohiko hiru teak hartzeko, eta askatasunez bere Lurraldera itzuli nahi
duen Herri bat garela ikusteko.
Gure Herriaren izenean, besarkada bat behean sinatzen dugun
neska-mutilen partetik.