2023-08-21

Zahra El Hasnaoui Ahmed-en poema liburua: Amalurra Tirisen

Liman Boisha poeta sahararrak dioenez, Amalurra Tirisen poema-liburuan erbestearen ahots guztiak daude, eta, orobat, erbeste guztien bozak. Baina ez hori bakarrik; izan ere, poema-liburu honetan erresistentzia eta esperantza ere badaude, eta, oroz gain, liburu hau edertasunez betea da, poemak ez ezik irudiak ere badaudela-eta. Iruñeko Iturrama institutuko ikasleek poemak banan-banan irudiztatu dituzte, poema bakoitzak haiengan sortutako sentimenduak eta sentsazioak irudi banarekin lagunduz; poema bakoitzak haiengan eragindako sentipen eta sentsazioen erakusgarri bisuala, nolabait. Hori horrela, irudi bakoitzak poema ikusgarri bihurtzen du, sormen, freskotasun  eta originaltasunez eginak.

 

Saharako Zahra El Hasnaoui Ahmed-en liburu hau bidai-kronika bat da, Zaharak egindako bidaia anitzen emaitza poetikoa. Hainbat tokitara eta lekutara egindako bidaien  kronika ez ezik, bihotzaren eta barne-muinerainoko bidaien kronika ere bada. Zeren eta, ez dezaun ahantzi, bidaia baten helburua ez da edozein portutara heltzea: “Mundua liburu eder batera ailegatzeko egina da”, Mallarmé-k zioenez; Amalurra Tirisen moduko liburu eder batera ailegatzeko, diot nik. 




2023-07-27

Cristina Peri Rossi poeta uruguaiarraren poema bat, euskaratua

 

Gustatuko litzaidake

zuri esan ahal izatea:

Etorri nahi duzunean,

zure zain egonen naiz.

Itsasontziak horrelakoak dira

horrelakoak dira nasak

eta bidaiariak.

Zin degizut

gustatuko litzaidake

zuri esan ahal izatea:

Abiatu ginen ontzia

gure zain egonen da

iraganeko egunak

sekula iragan ez balira bezala

ibili ginen kaleak

toki berean daude

plazak

iturriak

zuhaitzak

asmamenaren gauzak

oroitzapenaren gauzak

oroiminaren gauzak.

Gustatuko litzaidake zuri esan ahal izatea:

Gaur goizean euria ari du,

zure zain egonen naiz

sekula ezer gertatu ez balitz bezala

Pinochetek Casa de la Monedari eraso egin ez balio bezala

soilik duela ordu erdi bat joan bazina bezala

tabako erostera.

Gustatuko litzaidake zuri esan ahal izatea:

Bizitza izugarri garestitu da

baina ilunabarrak arrosa kolorekoak dira oraino

badira uso izan nahi duten neskatoak

baina eskolara joan beharra dute

zure dohaina esnatzean duten usoak

zure dohain lokartua

sei urtez

nire gisara

udako gau batez lokartuta ikusi zutenak baino

ezagutzen ez dutenak

Baina segur aski horrexek

hain zuzen ere eragozten dit zuri esatea:

Etorri nahi duzunean,

zure zain egonen naiz.

eta segur aski

sei urtez gauero zu lokartuta ikusi izanak eragozten dizu

banku hutsera itzultzea

etxe abandonatura

itsasontzi hondoratura.

Ilun dakizun arren

udako eta neguko gauetan

zure zain egonen naizela

munduko gauza guztiak

iraganak balira bezala guretzat betiko.




2023-06-22

Poesia eta musika uztarri berean

Ikasturteari amaiera duina emateko ekitaldi berezi bat egin dugu Nafarroako Liburutegi Nagusian, olerkiak eta musika uztarturik. Zerokotan-en eskutik hiru olerkari bildu gara, Teresa Ramos, Gabriela López argentinarra eta hirurok. Gaztelaniaz egin dute haiek eta euskaraz ni, tarteka-marteka Nafarroako Musika Kontserbatoriko artistek pieza ederrak jo dituztelarik.

Hitzen hasperenak olerki-liburutik ateratako ale batzuk irakurri ditut, besteak beste, The Happy Few izenekoa:   


            The Happy Few

Gutxi batzuk izatera ohituta betidanik

gutxi batzuk izatera kondenatuta betiko

gutxi batzuk izateaz gain,

gutxiagotuak beti

gutxietsia den

hizkuntza txiki batean gainera

lagun gutxi batzuk

izatearen kontzientzia hartuta

maite duguna gozatzen

zoriontsu eta dohatsu

sentitzen garelarik.

Begi biziekin irakurtzen ari zaren

bertso-lerro hauen bidez

ari natzaizu mintzatzen,

nori eta zuri

non eta hemen

poesia irakurtzen dugunon

konplizitatez betetako

babesleku bakarrenetako batean

bizitzen jarraitzeko.


Nolanahi, gaurko saioan hirurogei lagun baino gehiago egon direla kontuan hartuta, ez gara hain gutxi poesia maite dugunok...





2023-06-13

Hemingway gaztea Iruñean, 1923-2023: izozmendiaren teoria


 Hemingway Iruñera estrainekoz etorri zenetik ehun urte beteko dira aurteko Sanferminetan. Artean ez zen ospetsua, ez zen Pulitzer sariduna, ezta Nobel sariduna ere, hogeitabost urteko kazetari gazte bat baizik ez zen. Hemingway gazteak ez du zerikusirik erakutsi diguten Hemingwayren gaineko irudi estereotipoz betearekin, ez horixe! Izan ere, Hemigwayren kontura, mito anitz eta askotarikoak daude, Iruñeko La Perla hotelaren ingurukoa, adibidez.


Nolanahi, Iñaki Sagarna eta Edorta Jimenezekin batera, Iruñeko Kondestablearen jauregian mahai-ingurua egin da euskaraz eta bertan, besteak beste, Izozmendiaren teoria azaldu zen.

Hemingway-ren teoria —eta praktika— ospetsu honen arabera, testu literarioa izozmendi baten gisakoa da, eta testuak, izozmendiaren antzera, istorioaren osotasunaren zati ttipi bat baino ez du agerian uzten, irakurleak osa dezan.
 

Hori horrela, begien bistan den izozmendiaren zatiak ur-azalaren azpian gertatzen ari dena iradoki behar du; ipuinaren mamia edo giltzarria, garrantzizkoena, sekula ez da zehatz eta mehatz zuzenean azaltzen. Idazleak gertaerak aurkezten ditu, baina ez du azalpen luzerik ematen, eta irakurleak interpretazio-lana egin behar du.
 

Kazetari gazte bat zelarik, anitzetan entzun zuen Kansas City Star egunkariko Pete Wellington zuzendariaren ahotik: "Erabili aditzak, ekintza eman behar baita, ez adjektiboak" Perpaus laburrak, errazak, argiak eta zehatzak.
 

Irizpide horiek abiapuntutzat hartuta, urrats handi bat eman zuen aitzina Literaturaren (letra larriz idatzita) gaur egungo kontzepziorantz; izan ere, narratiba tradizionalak problemak ebazteko eskemaren arabera funtzionatzen zuen, eta zer gertatu(ko) ote da? galderari ematen zion arrapostu. Hemingwayk, berriz, zertzeladak baizik ez ditu ematen, ipuinean zer gertatzen den irakurleari guztiz argitu beharrik gabe. Anbiguotasun horri esker, ipuina irakurtzeko aukerak biderkatu egiten dira.


Ernest Hemingwayren ipuinetako batzuk, "Muinoak elefante txuriak halako", "Hiltzaileak", eta "Cat in the Rain", gaur egungo narratibaren klasiko bihurtu dira. Istorio horiek, sinple eta xaloak izanik ere, gizakiari buruzko azterketa sakonak gordetzen dituzte bere baitan, eta irakurleak osatu, esanahia eman behar dio. Euskaraz badugu aspaldi euskaratutako altxor bat, Hemingwayren ipuingintza gozatzeko:  Francis Macomber eta beste zenbait ipuin, Igela argitaletxearen eskutik.
 

Izozmendiaren gisako idazkera baliatu zuelarik, Ernest gazteak present izanen zuen, naski, urte batzuk lehenago Titanic itsasontzi transatlantiko erraldoiak izozmendi bat jo eta hondoratu zenekoa; Ernest Hemingwayren idazkera-estiloak ere ordura arteko literaturaren flotazio-marran arrakala ederra eta jaidura berritzailea sortu zuen, Literatura izeneko itsasontzia hondoratu gaberik ere.

 

Hitzaldian, Hemingwayren narratibaz landara, Hemingwayren poesiaz ere mintzatu ginen, eta kontu jakingarri anitz gehiago ere, esaterako, Ernest Hemingwayren lagun bati buruz hitz egin genuen, Eric Dorman-O'Gowan Chink izeneko lagun irlandarraz...

 



2023-06-07

Emaileen Egunaren kari

 

Ekainaren 7an Emailearen Eguna ospatzen da. Aukera hau baliatu dut emaileei eta emaileen senideei  eskerrik beroena adierazteko, transplante bat izan dugunon izenean; ene kasuan, giltzurrun transplantea.


Izan ere, transplanteez hitz egiten dugunean, ezer baino lehen, baitezpadakoa da eskerrona adieraztea bai emaileei eta baita haien senideei ere dohaintzaren eskuzabaltasunagatik, zeharo altruistak direlarik. 


Pelloren egia bada ere,  emailerik gabe ez dago transplanterik, bistan da, ezta dohaintzen elkartasun desinteresaturik gabe ere.


Orobat, eskerrik asko zirujau, erizain eta sendagileei ere eman beahr zaizkie, baita, Osasunbideko langile guztiei ere, gutxitan txalotuak, lanean ez beti aitortuak eta gehiegitan ezezagunak eta ezikusiak.


Bada epitafio gisa erabili ohi den testu labur bat bat, eta emaile izan beharraz kontzientzia hartzeko lelo gisa baliatzen ahal dena:


Bizi emankor dena

ez da hiltzen ahal;

maitasunez libreki emana

ez daiteke ezerezean gal.