2009-01-04

Errege Magoak ez dira batere majoak


Errege Magoak ez dira batere majoak. Iaz, gainera, euren sekretua asmatu genuen blog honetan bertan. Gabonetan eta egun hauetan agerian gelditu da zein den Eguberri kapitalistaren Jainkoa: Gasta Claus! Duela gutxi beste post bat idatzi nuen pertsonaia hünkigarri honetaz. Hau bai dela majoa! Coca-Cola-ren tresna, kapitalismo basatiaren paradigma, gorritik duen bakarra Coca-Cola-ren beraren kolore gorria izanik.

Ez! Ez dezagun horretaz hitz egin! Ez dezagun zapuztu Eguberrietako giro idilikoa... Ez ekarri hizpidera bakarrik Hego Euskal Herrian 100 lagun baino gehiago hil direla bukatu berri den 2008 urtean lan istripuetan. Ez esan azken hamarkadako langabezi-datu okerrenak 2008koak izan direla. Ez gogorarazi azken urte luzeotan etekin ekonomiko itzelak pilatu dituzten enpresa horiek beraiek sekulako garbiketak egiteko eta behin-behineko langileak kaleratzeko ari direla aprobetxatzen krisiaren aitzakiatan. Ez, ez dezagun horretaz hitz egin.

Orain politikoki polita izan behar zara, patronala kritikatzea ez dago ongi ikusita, denok super guay garen garaiotan... Zakurraren putza! Utikan hipokresiak! Krisia sortu duten kapitalistek ordain dezatela; bankariek eta politikari ustelek ordain dezatela, larrutik ordain dezatela! –esateko modu bat da, jakina!-

Hori bai! Nafarroaren urrezko domina enpresarioei, UGTri eta CCOOkoei... Lehen, "Policías para qué, si tenemos a UGT" oihua ez zitzaidan gustatzen: pasada bat iruditzen zitzaidan... Pasada, pasada... denbora pasa da, eta denborak guztiok jartzen gaitu behar den lekuan... Urrezko domina hori, kapitalari eginiko lan zikinaren ordainetan opari.

Muhammad Yunus mikro-kredituen asmatzaile eta Nobel saridunak esan berri du: "Krisiaren erantzuleak golfean ari dira jokatzen orain". Ez dakit garaiz nabilenetz, baina agian Errege Magoei eskatuko diet golfean aritzeko makila on bat, baina ez preseski golfean aritzeko...

No comments: