2009-01-29

Harri, murri, zapero

Atzo gure alabaren urtebetetzea izan zen; honezkero, zortzi urte bete ditu gure poxpolinak... D eredura joaten diren beste ume batzuekin elkartu eta kantuan hasi zen urtebetetze festan. Eder-ederra iruditu zitzaidan erdi ahantzia nuen abesti hori; horregatik, semeari paper batean idazteko eskatu nion, berriz ez ahazteko.
Hauxe da idatzi zuena:

"Harri, murri, zapero
bero bero bero
haurrak egin euskaraz
orain eta gero"


Dagoen-dagoenetan idatzi zuen. Urtebetetze-askaria bukatutakoan, paper zatia poltsikoan gelditu zen. Gero, poltsikoan haztatu eta papera irakurri nuenean, ohartu nintzen zer garrantzia izan dezakeen koma madarikatu batek, ez baita berdin esatea:

Haurrak, egin euskaraz.
Haurrak egin, euskaraz.


Ez, ez da berdin... Bai, badakit zer ari zareten pentsatzen: obsesionatuta nagoela. Zer nahi duzue, bada! Nork bere zoroak bizi ditu. Izan ere, nire blogean ez baditut nire harrikada hauek idazten, non idatziko ditut? Puntuazioa, gainera, blog honetan behin eta berriz atera den kontua da...

No comments: