2009-07-26

Valentino Rossi: Live at Donnington

Gaur arratsaldean Valentino Rossik lekzio zoragarria eman du Donnington-en, hainbat eta hainbat kontzertu historikoren leku berean. Gaurkoan, kitarra elektrikoen riff gabe, Yamaharekin emanaldi zoragarria egin du.

Berez, Donnington-go zirkuitua arriskutsua da: ondoko aireportuko hegazkinek isuritako kearen koipea dela-kausa, pista labainkora izaten da. Horregatik hurrengo urtetik aurrera Donnintongoa ez da GP txapelketaren barruan egongo. Gaur, gainera, euri txikia egin du... Eta gurpil bigunekin atera dira gehienak!

Hasieran, espainolak oldarkor; baina laster Lorenzok eta Elias-ek, hurrenez hurren, alboko zerrenda txuri-beltza, pianoa, jo egin, irrist egin dute eta lurrera biak ala biak. Rossik ez du pianoa jo, baina lehena zihoalarik, Tavulliakoak ere erorikoa izan du: asko arriskatzen duenak...

Guztiarekin ere, motorra jaso egin du eta berriz abiatu da... hori bai, lehena izatetik hamaikagarrena izatera pasatu da. Baina gure Rossi mundiala da, ez du inoiz amore ematen, eta gaur ere erakustaldia egin du: motorra kaltetuta ere, sei postu lortu du aurreratzea... Dani Pedrosari berari aurrea hartu ez dio, bada! Lasterketaren bukaeran bostgarrena heldu da eta puntu sorta polita eskuratu du; oporretara lasai joan daiteke, MotoGPko lehen-lehena izanda.

Gaurkoa oso lasterketa eroa izan da, zirraragaria zinez. Izan ere, non gelditu da Stoner amerikarra... Azkena? Ez, azken aurrekoa: bi ducatti-ak azken bi postuetan. Bestalde, ikustekoa zen Lorenzo espainolaren aurpegia... Ze gatzik gabeko tipoa! Rossi, aldiz, hortxe izan da bostekoa ematen gaurko txapeldunari, Andrea Dovizioso-ri, beti bezain jator eta adeitsua... Agian oso-oso guapoa egia ez da, baina beste noizbait ere blog honetan bertan adierazi bezala, Valentino Rossi mundiala da.

Gaur Rossi-ren fan klubeko kide bihurtu naiz.


No comments: