2010-12-12

Trepeta bitxia

Atera eta berehala sakelako telefono bat eman diote. Zenbat hilabete, zenbat urte zeraman sakelako telefono bat hartu gabe? Sakelako telefonoak oso tresna bitxiak direla otu zaio, edozein mementotan eta edozein tokitan zaudela, zure barrenak astintzeko gaitasuna daukalako. Bitxiena da, gainera, gizakion penak eta larrialdiak, tristurak eta nahigabeak, istripuak eta heriotzak berehala jakinarazteko gai dela, XXI. mendeko jainko orojakile bat bailitzan. Egia da, bestalde, pozak eta albiste onak, alegrantziak eta bozkarioak, sariak eta opariak jakinarazteko gaitasuna ere baduela, kasu honetan bezala.

-Ama, ni naiz. Kalean nago.

Eta handik 500 kilometrora, Euskal Herrian, kalera atera berri den preso politikoaren amak hilabeteak eta urteak gorderik izan duen oihua bota du. Eta gero, negarrez hasi denean, malkoak ez dira izan azken hilabeteetan, azken urteetan, isuritako malkoak bezain garratzak: malko goxoak isuri ditu, eta semeari zer esango zion erdi-pentsatuta zuen arren, bakarrik atera zaio galdera erretoriko bat malkoen artean.

-Baina ongi zaude?

-Bai ama, ongi nago: kalean nago.

Preso politiko atera berriak aditu ditu amaren negarrak, baina une batez pentsatu du agian sakelako telefonoaren kontua dela. Ederki daki, haatik, telefonoek ez dutela malkorik isurtzen. Belarritik aldendu eta harriduraz begiratu dio trepetari, amaren malkoak pantaila txikian ikusi beharko balitu bezala, eta ez daki oso ongi nola heldu trasteari, ez baitauka azken urteotan erabili duen kartzelako telefonoen forma bera... Preso politikoa hizketan ia-ia oihuka eta telefonoari begira, kontatu dio amari norekin dagoen, nortzuk izan diren Euskal Herritik bere bila joan direnak, hor dagoela arreba, koinatua, Urlia eta Berendia, koadrilakoak... Amak jakinen ez balu bezala, motel, motel... jakinen ez du, bada, nortzuk izan diren semearen bila joan direnak. Baina, gutxienez, amaren negarra gelditzeko balio izan du eta amari negarrik aditzen ez zaionean, preso politikoa konturatzen da ez dakiela zer gehiago esan... Eta zertaz eta eguraldiaz galdetu dio amari.

-Zer moduz eguraldia han?

Amak ez zuen espero hainbeste hilabete, hainbeste urte, kartzelan eman eta gero hori izanen zela semearen lehen galdera: ea zer moduz eguraldia...

-Eguraldia? Hemen ona, beno, hodeiak badira, baina... tenperatura ona.

Eta preso politikoa konturatzen da agian amari galdetu behar ziola zer moduz dagoen hura, eta zer moduz aita diabetearekin, eta zer moduz izena Juanita... baina ez eguraldiaz... eta preso politikoak orduan esan dio:

-Ba, hemen ere eguraldi ona, ama, beroa baina ona... Bo, ama, bagoaz harantz, gero hitz eginen dugu.

Eta preso politikoak, eskuetan erreko balio bezala, atzera ematen dio sakelakoa lagun bati, itzaltzeko teklari sakatu gabe, ez baitaki tramankulu hori nola itzaltzen den... Eta beranduegi ohartu da ez diola amari galdetu nola dagoen... eta gaizki sentitu da preso politikoa, baina ongi pentsatuta, zertarako galdetu? Badaki, ederki jakin ere, nola dagoen ama... Eta etxerako bidean pentsatu du horrelako trepeta bat erabiltzen ikasi beharko duela berandu baino lehen, kartzelatik ateratzeko zorian zelarik egindako lehentasunen zerrendan horrelakorik agertzen ez den arren...

Egin dezagun urratsa, urtarrilaren 8ko manifestazio nazionalean, hitzordua dugu, Bilbon.

No comments: