2010-12-03

Gaur dela urtebete, Colonian

Daniel Vidart uruguaitarrak, euskal jatorriko antropologo entsutetsu batek, hauxe diosku Historiaren iheslariak liburuan: “Nostalgia hitzak itzultzeko desio mingarriari egiten dio erreferentzia”. Etimologiari kasu egitera, halaxe omen da: grekoz, nóstos, itzulera, eta álgos, mina.


Hiztegi Batuan agertzen den hitza dugu nostalgia, ahoskera batuaren arabera ozenki esateko oraindik ere lanak ematen dizkidana. Gure idazleek usu baliatu dute hitz hori: bai Iparraldekoek, “Beti halako nostalgia hunkigarri batez agertu zen Manex” (I. Borda); bai Hegoaldekoek, “alga usainaren ausentzia dastatu zuen airean, eta beste itsaso baten nostalgia” (R. Saizarbitoria)


Era berean, Emilio Lopez Adanek, Beltzak, idatzi zuen Telesforo Monzonek Urrundik. Bake oro atera zuela Mexikon, eta olerkiak zirela, “Euskal Herriko penaz eta oroitzapenez egina, herrimina eta nostalgia nagusi”.

Beltzaren testuan sinonimotzat hartzen diren arren, hitz horiek ezin dira beti sinonimotzat har; non esaten diren. Sarasolaren hiztegiak epaitzen du: “sorterritik urrun egoteak sortzen duen goibeltasunezko egoera” dugu herrimina.


Gaur dela urtebete, Uruguain nintzen, Colonia de Sacramento hirian hain zuzen, Uruguai eta Argentina lotzen dituen ferry bati begira. Xabierko Frantziskoren Eguna, Euskararen Eguna, eta ni Euskal Herritik hamaika mila kilometrora eta, halabeharrez, San Frantziskoren beraren irudi bat topatu nuen Coloniako ostatu baten atarian. Aitor dezadan herrimina piztu zidala hormako irudi horrek, Sarasolaren hiztegiak dakarren azalpen biribil-biribilarekin bateginik.

Argazkiak zer diren; urtebete iragan eta gero, orain argazki horrek berak dakarkit gogora Coloniako hainbat eta hainbat istorio, hainbat eta hainbat oroitzapen, urtebetez ahanzturaren zakuan lozorroan izandakoak. Ostatu horretan hartu genuen kafe goxoa -posillo-, guri begira gelditu zen kateme eder hura, peso batzuk eskatu zizkidan umea -gurise-, bertako zezen plaza arraildua... Hamaika istorio datorzkit burura tropoiloan. Baina, batez ere, giza geografiaren mira: Uruguain utzitako lagunak ere biltzen zaizkit trumilka eta barru-barruan nostalgiaren harrak kosk egiten dit gupidagabe.


Uruguai ez da nire sorterria eta, beraz, Sarasolaren definizioari kasu egitera, ezin esan daiteke sentitzen dudan hori herrimina denik. Agian sentitzen dudana nostalgia baino Uruguai mina da.


Azken finean, Pako Aristik dioen bezala, "nostalgia ustegabeko bidaiaria da, eta gure defentsak atsedenaldian hartzen ditu beti".



No comments: