Berriozarko Irakurle Kluba berriro bildu zen iragan den ortziralean. Udan zehar bildu ez bagara ere, irailean inoiz baino lagun gehiago bildu ginen Berriozarko liburutegian. Aitzakia, Kirmen Uribe-ren Bilbao-New York-Bilbao liburua.
Orain arte beti tartekatu ditugu euskaraz sortutako liburu bat eta euskarara ekarritako liburu bat. Ildo horretatik jarraiki, Jim Thomson-em 1280 arima izeneko liburua hautatu dugu hurrengorako. Liburu horretaz dudan iritzia aipu luze samar batean garatu nuen blog honetan bertan duela urte pare bat eta espero dut klubeko beste lagunei niri bezainbeste gustatzea. Idazle amerikar horren liburua irakurri eta gero, Xabier Montoia-ren Denboraren izerdia irakurriko dugu.
Era berean, kluba zabalik dagoela gogorarazi nahi dizut, baina parte hartzeko izena eman behar da Berriozarko liburutegian, eta, ordainetan, irakurri beharreko liburuaren ale bat utziko dizute maileguan.
Amaitzeko, gogoraraztea baizik ez zait gelditzen Jim Thomson-en liburuaren gaineko solasladia azaroaren 3an eginen dugula, asteazkenarekin, arratsaldeko 7etan, liburutegian bertan.
No comments:
Post a Comment