Baina nork esango zidan niri? Ordu zenbait isiltasunean eman, aire fresko bolada zenbait hartu eta, itsumustuan, buruan hasi zitzaion jiraka-biraka istorio baterako ideia bat. Halaxe gertatzen da beti ipuinekin. Hasieran ez duzu ezer. Halako batean, ordea, istorio bat etorri eta barrena betetzen dizu.
Antzeko zerbait gertatu zitzaidan niri...
William Shanks matematikariak biziki maite zuen Kixotea, ia-ia matematika bezainbeste. Gustuko zuen irakurtzea “Somewhere in La Mancha, in a place whose name I do not care to remenber, a knight lived not long ago...” Hamaika aldiz irakurri zuen eta hitzak gozo-gozo zihoazkion, hurrenkera matematikoetako zenbakien gisara, hurrenez hurren, leun, bare, eder.William Shanks matematikariak noizbehinka behar izaten zuen, lan serioa une batez bazter utzita, Kixotea hartu eta hasiera irakurri: “Somewhere in La Mancha, in a place whose name I do not care to remenber...” eta hegan ziohakion gogoa urruneko Espainiako lurralde mugagabe haietara, eta irudikatzen zuen On Kixote Rocinante zaldiaren gainean haize-erroten kontrako borroka amaigabean...
William Shanks matematikariak istant batez, istant bakar batez, bere buruari zin egin zion Ingalaterra utzi, kanala gurutzatu, eta kontinentera abiatuko zela noizbait, Somewhere in La Mancha mugagabe hori ezagutu beharko zuela noizbait... Baina istant batez baino ez zen izan, eta laster bihurtu zuen gogoa lan seriora.
William Shanks matematikaria, neurri batean bederen, Kixote bezala ari zen bakar-bakarrik borrokan, auzokideen isekak eta trufak jasaten, haize-errotak baina gaitzagoak ziren zenbaki matematikoen kontrako borroka amaigabean. Baina Kixote ez bezala, Whilliam Shanks ez zegoen zoratuta, zientzia baituen ipar, eta matematika, lanabes.
William Shanks matematikariak bizitzaren hogei urte eman zituen pi zenbakiaren hamarren infinituak lortzeko lan serioan. Hogei urte. Zenbatzen has dadila irakurle prestua: bat, bi, hiru, lau... hogei arte; hogei urte pi zenbaki matematikoaren hamarrenak ateratzen, banan-banan, hurrenez hurren, eta 707 hamarren ateratzea lortu zuen hogei urte luze horietan
William Shanks matematikariak ez zuen inoiz jakin 528. hamarrenean akats bat egina zuela, eta hamarren horretatik aurrerako guztiak okerrak zirela. "Somewhere in La Mancha, in a place whose name I do not care to remenber, a knight lived not long ago..." leun, bare, eder.
No comments:
Post a Comment