Zugarramurdin jan, edan eta irri egin genuen duela gutxi egindako txangoan. Baina bazkaldu eta gero hasi ziren benetako abenturak eta kalenturak. Akelarrearen leizera sartu ginen eta Infernuko zubia gurutzatuko genuen. Eta handik hatarago, Sara herrirako bidean dagoen paraje eder batean Deabruaren belarrak aurkitu genituen: belladona, erabelarra, urriloa eta asma-belarra.
Belladona. Dosi txikitan eztularen, migrainaren eta gernu ihesaren kontrako lasaigarri ona. Dosi handitan hartuz gero, sukar-ametsak, oreka-galtzeak eta mozkorraldia eragiten ditu; baita lerdea, epilepsi-krisiak eta heriotza bera ere.
Halaber, erabelarra aurkitu genuen. Kontuz belar honekin, berez, pozoi gaiztoa eta arriskutsua baita, baina, era berean, bigungarri indartsua, kataplasma gozo eta lasaigarria, minak sendatzeko oso egokia.
Era berean, urriloa ere bildu genuen. Mandragora izenaz ezagunagoa den belar honek sukar-ametsak eta asaldura afrodisiakoa sortzen ditu.
Eta, gainera, asma-belarra. Bide bazter batean aurkitu genuen, ongarritegi ospel batean ondo-ondoan. Asma-belarra hartuz gero, kontzientzia eta oharmena arrunt aldatzen dira, errealitatearekiko lotura bera ere oso-osorik galdu artio. Baina larruazalean igurtziz gero, anestesiko moduko eragina izaten du.
Osagarri horiekin erraz dira ulertzen ondoko hitzok:
"(...) beraiekin igurzten garelarik zentzu guztiak kentzen dizkigu, eta lurrean etzanda eta biluzik paratzen gara, eta diote orduan ametsetan pasatzen zaigula guretzat benetan pasatzen den guztia"
Baina inork ez dezala pentsa paragrafo hori autobiografikoa denik. Sorgintzat hartutako La CaƱizares ezizeneko andre batek esandakoak omen dira hitz horiek, duela ia-ia 400 urte idatziak, nork eta Miguel de Cervantes-ek berak El coloquio de los perros liburuan.
Nik, behin baino gehiagotan adierazi dudan legera, bestalako drogak nahiago: garagardroga, ardroga eta, nola ez, sagardroga...
No comments:
Post a Comment