Berriozarren elurra mara-mara ari du, goiko argazkiak bistaratzen duenez.
Elurraren harira, Yolanda Arrietaren artikulu bat etorri zait gogora, oroimenaren ozeanoan izozmendi bat balitz bezala, distiratsu. BERRIAn duela urte batzuk argitaratuta, artikuluxkaren bila murgildu naiz Interneteko ozeano digitalean eta hara! Hona hemen artikuluxka.
Artikuluak ikusarazi dit oroimenaren ozeanoan beste izozmendi bat: garai hartan, haiz zuzen, Yolanda Arrietarengandik ikastaro bat hartzeko plazera izan nuela, beheko argazkiak frogatzen duen gisara.
Eta argazkiak ikusarazi dit oroimenaren ozeanoan beste izozmendi bat: Yolandak berak idatzitako liburu bat, opari eman zidana, Gatzaren atzerik, Mari-xor. Liburutto zuri horren bila murgildu naiz etxeko nire apalategietako ozeanoan eta, egia aitor dezadan deblauki, gaitzagoa izan da paperezko ozeanoan nabigatzea Interneten baino...
Halarik ere, liburuttoa aurkitu dut. Hona hemen hasierako pasarte zoragarri bat:
Gatza da Mari-xor ipuineko elementu nagusia: Mari-xorri hauxe geldetzen diote: "Zer da garrantzitsuagoa, aita ala gatza?” Protagonista gatzaren alde dago, aitarik gabe bizi daitekeelako mundu honetan, baina gatzik gabe, ez.
Azken galdera horrek ikusarazi dit oroimenaren ozeanoan azken izozmendi bat: "zer da garrantzitsuagoa, aita ala gatza?" galdera bera neure buruari egitekotan ere, berdin erantzungo nuke. Izan ere, gure aita bizi izatera, atzo beteko zituen 96 urte. Duela hiru hilabete hil zitzaidan aita eta oroimenaren ozeanoan izozmendi hori ez da erraz urtuko.
Eta elurra zanpa-zanpa ari du; izotza dela-kausa gatza ari dira erruz barreiatzen errepideetan; eta oroimenaren izozmendiak ari zaizkit urruntzen, urruntzen, urruntzen, ozeanoko ur gaziek eramanda.
No comments:
Post a Comment