2009-02-25

Ikakaslearen fitxa

Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, EIBZn, bost urte daramat lanean. Bestela pentsa daitekeen arren, eskolak ematen asko ikasten dut nik. Gutxien espero duzun unean dator ustekabea: aurreko urteetan talde guztiekin funtzionatu duen ariketa gelara eraman eta... ez da (sic) funtzionatzen; ongi prestatu duzun arren, goitik behera arakatu duzun arren... ez da funtzionatzen... ikasleek gutxien espero duzun lekutik ateratzen dute untxi zuria -voila!- txisteratik.

Gogoan al duzu ariketa paradigmatiko hura? Hamaika zirriborro, hamaika proba eta hamaika froga egitekotan ere... ikasleei banatutakoan batek esaten dizu brastakoan: “hemen jartzen du ikakaslearen fitxa, eta ikaslearen fitxa da”. Ikakasle... Kaka putza! Zenbat aldiz ikusi duzu ariketa hori fotokopiatu aitzin? Zuzentzaile ortografikoa pasatu zenuen-eta! Baina hor dago, orriaren goiko aldean, Word-Artez -baina ez artez- egina: IKAKASLE; letra larriz, gainera. Ikakasle...Kaka; kaka putza!

Izan ere, EIBZn lan egiteak apaltasun handia eskatzen du. Gure saioetan teorian argiak eta garbiak diren dokumentuek etengabeko eztabaida sutsuen abiapuntu bihurtzen dira gutxien espero duzun saioan... eta horrelakoetan umiltasuna lagungarria da, zerbait ikasiko bada.

Badakit emaile askorentzat galderak deserosoak direla, baina nire saioetan beti galderak egiteko aukera ematen diet ikasleei: galderak, batetik, pizgarriak dira eta, bestetik, niri giltza batzuk ematen dizkidate... Galdera nolakoa den, halako ondorioak aterako ditut nik galdera egin didanaz, ulertu duenaz, ulertu ez duenaz, taldearekiko bere rolaz... joko psikologiko politak ikusi ditut EIBZko 5. gela horretan.

Bost urte hauetan denetariko ikasleak izan ditut. Ez dut lehenago esan, baina gure ikasleak irakasleak dira, arauzko irakaskuntzan aritzen diren irakasleak, lan baimenarekin euskara hobetzeko ikastaroan daudenak; ikasle bereziak, beraz. Nahi izatera, ikus Freskatze ikastaroaren gaineko xehetasunak- Ikasle bereziak diot, zeren irakasle rola etxean uzteko eskatzen diegu, urteak eta urteak rol horretan -eta bakarrik horretan- ibili diren horiei. Eskatzen diegu, halaber, ustezko ziurtasunak kolokan jarri behar dituztela: “ziur al zaude ziur h-rik gabe dela” Eta Urliaren arrapostua: “Bada, nik ikusi dut h-rekin: zihur”. Eta arrazoi du: nonbait, noizbait, ziur naiz ikusi duela zihur (sic) idatzia:

Eta ikasteko, entzun eta aditu behar da, baina, tamalez, urteotan ikusi dut batzuek bakarrik entzuten dutela berresteko pentsatzen zutena; ez dute behar bezainbeste aprobetxatzen, ez dute hausnartzen, ez dute ezer berririk onartzen... Horiek ez dute ikasten, ez baitute berrikuntzarik onartzen; blokeatzen da jakin mina eta, ondorioz, blokeatzen da ikaspena.

Ikasteko lehen baldintza ikasteko gogoa izatea da. Baina onartu behar da zaila dela, irakasleei eskatzen diogulako protagonismo galtzeko, aginteari uzteko tarte batez.

Ikastaroa arrakastatsua izanen da baldin eta ikasle aritu diren irakasleak agindu zaizkion testu onak egiten badaki, ez bakarrik horri buruz zerbait badaki, ez bakarrik horri buruzko teoria baldin badaki, baizik eta benetan agindutako testuak, oharrak direla, eskutitzak direla, txostenak direla, eskabideak direla... zuzen, txukun, egoki eta eraginkortasunez egiten badaki. Eta ikastaroko lanak ikusita, gehienek ikastaroa ederki profitatu dutela ageri-agerikoa da.

Freskatze ikastaroko nire arloa hizkuntzaren ikuspegi diskurtsibo testuala lantzea da, testugintza alegia. Egunotan ikasle-irakasleekin ez dut saiorik eta horrek aukera eman dit testugintzari buruzko testu hau idazteko. Blogean geldi dadila, egunotan buruan jiraka dabilkidanaren erakusgarri.

No comments: