Ez gara elkarrekin zahartuko izeneko liburua eskuartean daukat. Baina ez dut uste irakurtzen bukatuko dudanik.
Arnaud Cathrine izeneko idazlea da egilea. Liburuaren kontra-azalean esaten dutenez, "neska-izena duen gizon gazte hau Frantzian jaioa da, 1973an. Barnetegian ikasten ari zela, zientzia-gaietako ebaluazioetan ez zuen bitik gorako notarik inoiz ateratzen. Filosofiako irakasle batek zaletu zuen literaturarekin. Geroztik, ipuinak eta eleberriak idazteaz gain, abestietarako hitzak asmatzen ditu".
13 urteko gure semeari irakurtzeko eman nion; gero, ea liburua zertan zetzan galdetu zion. Hauxe esan zidan: "Hamabi urteko mutil batek Sylvain lehenbizi Mahalia-rekin maitemintzen da eta, gero, Camillerekin."
Estruktura epistolarioa duen liburuxka honi buruz kritika on ugari irakurri dut, baina 13 urteko gure semeari ez zaio horren ona iruditu. Oso liburu irakurterraza da; semeak di-da batean irakurri zuen... Berarekin izan nuen solasaldian argi ikusi nuen liburuak ez zuela harrapatu; Unai ez zen Sylvainekin identifikatu. Argi esan zidan eskutitzen bidez kontatzen den istorio hori -lehenbizi batekin, eta gero beste batekin...- ez zela oso erakargarria... Ai, mutilak, ze mozoloak diren(garen)! Unaik nahiago ditu abentura-liburuak eta ekintza ugari duen liburu bat...
Atzo Push filma ikusi genuen zineman; horren antzeko liburuak eskatzen ditu nire mozolo pinttoak, adibidez eta adibitres (sic).
Apika, neskatila baten eskuetan liburu horrek beste irakurketa bat izanen luke, 13 urteko neskatilak ez baitira -inolaz ere- 13 urteko mutilak bezain nazarenoak... Oraingoan, semeak kasu egin eta nik aholkatutako liburu hau irakurtzea onartu zuen, normalean egiten duen bestera... Ezen nik aholkatzen badiot liburu jakin bat irakurtzeko, berak beste bat hartu ohi du... Badakizue, aurre-adoleszentzia... eta denok dakigu nerabezaroa denboraren poderioz sendatzen den gaixotasun bat dela... Psikologo batek esango luke gure semea "nortasuna finkatzen ari dela" Enpin! Gure aita zenak, ostera, zera esango luke: "hi, beti, kontran!"
Eta gaurgero, post hau irakurriz gero, uste dut semeak ez duela horren erraz onartuko nik aholkatutako libururik hurrengo batean... Oso lanpeturik ibiltzen da bere blogean bideoak-eta argitaratzen... Eta ez da bakarra izan!
2009-02-24
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment