Londonek badu Hide Park. New York-ek badu Central Park. Parisek baditu Eliseoko Zelaiak. Iruñak badu Gaztelu Plaza... eta Berriozarrek badu Zorroka.
Zorroka, Berriozarko auzo zaharreko ikuztegiaz izateaz landa, Berriozarko Euskara Taldearen izena da. Mila urte baino gehiago duen gure herri honetan gure hizkuntzaz mintzo, mintzatzen eta mintzatuko da Herria. Mila urte eta urak bere bidean.
Zorroka taldearen ekimenez, Minutu 1eko Eleak izeneko ekimena jarri genuen aurreko KORRIKAn abian. Aurten ere, Korrika Kulturalaren babespean, bigarrenez eginen dugu.
Idatzi euskarazko testu bat; ez baduzu idatzi nahi, gustuko duzun euskarazko testu bat izan daiteke. Baldintza bakarra: laburra izatea, minutu bakar batean irakurtzeko modukoa: horregatik Min1ekoLak -Minutu 1eko Eleak- deritze.
Minutu bateko hamaika ele, minutu bateko hamaika istorio, minutu bateko hamaika testu bildu nahi dugu gure hizkuntza entzun eta zabal dadin lau haizetara. Gainera, ele hauek ez ditu urak eramanen; minutu bateko ele hauek, minutu bateko ale hauek, liburutto batean jasota geldituko dira, paper zuriaren gainean beltz, behar den bezala, urak eraman ez ditzan. Beste mila urte igarota ere. Martxoaren 27an, ostiralarekin, Min1ekoLak liburuttoko testuak egileek beraiek irakurriko dute Berriozarko Herria tabernan eta liburrutto bera salgai jarriko da; egun horretan jasotako dirua KORRIKAren kilometro bat erosteko baliatuko dugu.
Zuk ere parte har dezakezu. Igorri zure testua hilaren 23a baino lehenago zorroka@topagunea.net helbidera.
Zeren Londonek badu Hide Park, eta New York-ek Central Park, eta Parisek Eliseoko Zelaiak, eta Iruñeak Gaztelu Plaza; baina Berriozarrek badu Zorroka.
Hona hemen duela bi urteko parte-hartzaileak.
2009-02-06
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment