2009-12-20

Uso Zuria



Atzo kantu kantari izan ginen Anaitasuna kiroldegian, Oskorri-k eskainitako Pub Ibiltarian. Berriozarko abesbatzak Elkarrekin izena duenez, zilegi bekit txiste txar bat egitea: Elkarrekin izan ginen. Baina zein da galdera? Nortzuk izan ginen ala norekin izan ginen? Berdin du: Elkarrekin izan ginen, argazkian ikus daitekeen gisa, Elkarrekin eta bata bestearen ondo-ondoan, hotzari aurre egiteko edo. Kar, kar, kar. Irriz lehertu zarete, ezta? Zuen irri-karkailen burrunbak ez dit idazten uzten...

Bon, txiste txarra eginda, noan harira. Atzoko kontzertuan -Elkarrekin izan ginen kontzertuan-, hamazazpi kanta eder abestu genuen Natxo de Felipe-ren gidaritzapean. Hamazazpi eta bonus track bat: Hator, hator entsaiatu gabe ere oso ongi atera zena. Oskorri-ko buruaren lanari esker, hotza zen giroa -bi gradu zero azpitik kanpo aldean- berotu zen emanaldian zehar eta giro pollit askoa sortu zen. Hala ere, Anaita-ko eserleku anitz betetzeko gelditu ziren: alde batetik, hotza eta elurtea zirela-eta; bestaldetik, agertu behar zen lagun asko agertu ez zelako.

Oskorri-rekin batera Iruñeko Peñak ziren antolatzaileak, eta atzo Anaitasunan ez zegoen espero bezain beste jende, ezta hurrik eman ere. Iruñeko peña guztiek ez al dute jende gehiago biltzeko gaitasunik? Bada, zalditik astora goaz, lagunok.

Badakit elurra zela-eta batzuk zail izan zutela agertzea. Badakit, bestalde, Bilboko manifestazioa hagitz garrantzitsua zela; Barañainen ere, beste manifestazio garrantzitsu bat zegoen.

Halarik ere, susmatzen dut Iruñerriko edozein Shopping Center delakoan izanen zela jende anitz, Fatxi Lopez-ek horrenbeste aldarrikatzen duen "normaltasunez" erosketak egiten krisi garaian... Hori da saltzen eta sartzen diguten normaltasuna... Hori hala izanik, nik jarraituko dut anormaltasuna aldarrikatzen.

Nolanahi delarik ere, Anaitasunan izan ginenok oso-oso ederki izan ginen: nik ezagutu ez eta atzo ikasi nuen kanta eder bat gelditu zait iltzatua: Uso zuria Behean dituzue hiru kopla baino ez, baina, inork nahi izanez gero, hemen duzue aukera abesti hunkigarri hori osorik entzuteko.

Uso zuria errazu
nora joaten zaren zu.
Espainiako bortuak oro
elurrez beteak dituzu;
gaurko zure ostatu
gure etxean baduzu.

Ez nau izutzen elurrak
ez eta ere gau ilunak,
maiteagatik pasa nitzake
gauak eta egunak;
gauak eta egunak
desertu eta oihanak

Uso ederra airëan
ederrago mahainëan,
Zure parerik ez dut ikusi
Espainia guztian
ez eta ere Frantzian
eguzkiaren azpian.


Atzo hori kantatzen ari ginelarik, gogoratu nintzen sakabanatuta dauden euskal presoen senideekin, Espainiako bortuak oro, elurrez beteak, eta halere, bidean, zeren, abestiko hitzak beste hurrenkera batean jarrita,senide batek pasa ditzake maitegatik gauak eta egunak, desertu eta oihanak, Espainia guztian eta Frantzian.

Atzo ez nintzen Bilbora joan, baina urtarrilaren 2rako Etxerat-ek deitu duen manifestaziora joateko asmo osoa dut Fatxi Lopez-en normaltasuna salatzera.

No comments: