Esteban Nafarroan sortu zen, Urraul Goitin. Horren harira, Diario de Navarra-k artikulu bat argitaratu zuen duela astebete. Hagiografiaren estilo zorrotzenean idatzia, Esteban Adoaingoaren bizitza eta mirakuluak kontatzen dizkigu artikuluaren egileak.
Baina idaztea, batez ere aukeratzea da; zer esan eta nola esan aukeratu behar duzu idazterakoan. Eta Diario de Navarran badakite zer esan eta badakite zer ezkutatu. Egilearen munduaren ikuskera eta pentsaera politikoa lerroen artean susma daiteke; agerian dago gobernu liberalekin ez duela inolako sinpatiarik; egilearentzat Baiona "Frantzia" da... Baina garrantzitsuena hauxe da: egileak ez du esaten -ezkutatzen du- Esteban Adoaingoa euskalduna zela. Egileak ez al zekien hori? Hagiografo batentzat arduragabekeria handia izango litzateke ez jakitea zein zen bere idazlanaren protagonistaren ama-hizkuntza; axolagabekeria baino, hipokresia adibide bat da. Diario de Navarra-n Nafarroaren euskalduntasuna ezabatzeko eta ezkutatzeko praktika iraunkorra da, baita santu izateko bidean dagoen fraide bati buruzko artikulu xume batean ere... Artikulugilea erdalduna izanagatik, ziur naiz badakiela Esteban Adoaingoa euskalduna zela; jakinen ez zuen, bada! Izan ere, beste kaputxino batek, aita Frantzisko Ondarrak, Fontes aldizkarian artikulu bat idatzia utzi zuen erdaraz: "Escritos en vascuence del P. Esteban de Adoain (1808-1880)".
Hona bertatik ateratako pasarte bat, Esteban Adoaingoaren euskara zahar eta ederrean idatzia:
"Maria Saindua agertu zitzaion -Benita zeritzan Florenziako bekatari ohiari-, eta erran zion barkatuak zirela bekatu guziak; baina beti oroitzeko bekatuez, Jaungoikoaren miserikordiaz, pasione sainduaz, eta oroitzeko ezen anitz bekatu gutiagoekin infernura joan zirela, eta erran zion egun artan berean zortzi urteko aur batek infernura joan bear zuela bekatu baten gatik".
Nafarroan batzuk lanean ari dira etengabe euskal kutsu duen oro ezabatzen, ezkutatzen, errotik erauzten... Eta datorren larunbaten Urraul Goitin eginen duten ekitaldia izanen da, segur asko, horren adibide. Ni ez naiz fededuna, eta ez naiz ekitaldi horretara joanen. Izanen al da kristau euskaldunik Esteban Adoaingoaren euskalduntasuna aldarrikatuko duenik? Esteban Adoaingoaren mirakulua izanen litzateke!
Nolanahi den ere, niri paradigmatikoa iruditzen zait Diario de Navarra inefableak egin duena Esteban Adoaingoaren euskalduntasuna ezkutatuta; eta hori egiten badu horrelako gai batekin... zer ez du egingo beste gai anitzekin!
Eskerrak irakurle kritikoak garen, eta eskerrak badakigun irakurtzen lerroen artean, eta lerroen atzean, eta lerroen azpian... Zerbait-zerbait ikasi dugu Cassany-en ikastaroan...
1 comment:
Fedean bortitz eta kuraios, alafede!
Post a Comment