2009-02-25

Ikakaslearen fitxa

Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, EIBZn, bost urte daramat lanean. Bestela pentsa daitekeen arren, eskolak ematen asko ikasten dut nik. Gutxien espero duzun unean dator ustekabea: aurreko urteetan talde guztiekin funtzionatu duen ariketa gelara eraman eta... ez da (sic) funtzionatzen; ongi prestatu duzun arren, goitik behera arakatu duzun arren... ez da funtzionatzen... ikasleek gutxien espero duzun lekutik ateratzen dute untxi zuria -voila!- txisteratik.

Gogoan al duzu ariketa paradigmatiko hura? Hamaika zirriborro, hamaika proba eta hamaika froga egitekotan ere... ikasleei banatutakoan batek esaten dizu brastakoan: “hemen jartzen du ikakaslearen fitxa, eta ikaslearen fitxa da”. Ikakasle... Kaka putza! Zenbat aldiz ikusi duzu ariketa hori fotokopiatu aitzin? Zuzentzaile ortografikoa pasatu zenuen-eta! Baina hor dago, orriaren goiko aldean, Word-Artez -baina ez artez- egina: IKAKASLE; letra larriz, gainera. Ikakasle...Kaka; kaka putza!

Izan ere, EIBZn lan egiteak apaltasun handia eskatzen du. Gure saioetan teorian argiak eta garbiak diren dokumentuek etengabeko eztabaida sutsuen abiapuntu bihurtzen dira gutxien espero duzun saioan... eta horrelakoetan umiltasuna lagungarria da, zerbait ikasiko bada.

Badakit emaile askorentzat galderak deserosoak direla, baina nire saioetan beti galderak egiteko aukera ematen diet ikasleei: galderak, batetik, pizgarriak dira eta, bestetik, niri giltza batzuk ematen dizkidate... Galdera nolakoa den, halako ondorioak aterako ditut nik galdera egin didanaz, ulertu duenaz, ulertu ez duenaz, taldearekiko bere rolaz... joko psikologiko politak ikusi ditut EIBZko 5. gela horretan.

Bost urte hauetan denetariko ikasleak izan ditut. Ez dut lehenago esan, baina gure ikasleak irakasleak dira, arauzko irakaskuntzan aritzen diren irakasleak, lan baimenarekin euskara hobetzeko ikastaroan daudenak; ikasle bereziak, beraz. Nahi izatera, ikus Freskatze ikastaroaren gaineko xehetasunak- Ikasle bereziak diot, zeren irakasle rola etxean uzteko eskatzen diegu, urteak eta urteak rol horretan -eta bakarrik horretan- ibili diren horiei. Eskatzen diegu, halaber, ustezko ziurtasunak kolokan jarri behar dituztela: “ziur al zaude ziur h-rik gabe dela” Eta Urliaren arrapostua: “Bada, nik ikusi dut h-rekin: zihur”. Eta arrazoi du: nonbait, noizbait, ziur naiz ikusi duela zihur (sic) idatzia:

Eta ikasteko, entzun eta aditu behar da, baina, tamalez, urteotan ikusi dut batzuek bakarrik entzuten dutela berresteko pentsatzen zutena; ez dute behar bezainbeste aprobetxatzen, ez dute hausnartzen, ez dute ezer berririk onartzen... Horiek ez dute ikasten, ez baitute berrikuntzarik onartzen; blokeatzen da jakin mina eta, ondorioz, blokeatzen da ikaspena.

Ikasteko lehen baldintza ikasteko gogoa izatea da. Baina onartu behar da zaila dela, irakasleei eskatzen diogulako protagonismo galtzeko, aginteari uzteko tarte batez.

Ikastaroa arrakastatsua izanen da baldin eta ikasle aritu diren irakasleak agindu zaizkion testu onak egiten badaki, ez bakarrik horri buruz zerbait badaki, ez bakarrik horri buruzko teoria baldin badaki, baizik eta benetan agindutako testuak, oharrak direla, eskutitzak direla, txostenak direla, eskabideak direla... zuzen, txukun, egoki eta eraginkortasunez egiten badaki. Eta ikastaroko lanak ikusita, gehienek ikastaroa ederki profitatu dutela ageri-agerikoa da.

Freskatze ikastaroko nire arloa hizkuntzaren ikuspegi diskurtsibo testuala lantzea da, testugintza alegia. Egunotan ikasle-irakasleekin ez dut saiorik eta horrek aukera eman dit testugintzari buruzko testu hau idazteko. Blogean geldi dadila, egunotan buruan jiraka dabilkidanaren erakusgarri.

2009-02-24

Ez gara elkarrekin aspertuko

Ez gara elkarrekin zahartuko izeneko liburua eskuartean daukat. Baina ez dut uste irakurtzen bukatuko dudanik.
Arnaud Cathrine izeneko idazlea da egilea. Liburuaren kontra-azalean esaten dutenez, "neska-izena duen gizon gazte hau Frantzian jaioa da, 1973an. Barnetegian ikasten ari zela, zientzia-gaietako ebaluazioetan ez zuen bitik gorako notarik inoiz ateratzen. Filosofiako irakasle batek zaletu zuen literaturarekin. Geroztik, ipuinak eta eleberriak idazteaz gain, abestietarako hitzak asmatzen ditu".

13 urteko gure semeari irakurtzeko eman nion; gero, ea liburua zertan zetzan galdetu zion. Hauxe esan zidan: "Hamabi urteko mutil batek Sylvain lehenbizi Mahalia-rekin maitemintzen da eta, gero, Camillerekin."

Estruktura epistolarioa duen liburuxka honi buruz kritika on ugari irakurri dut, baina 13 urteko gure semeari ez zaio horren ona iruditu. Oso liburu irakurterraza da; semeak di-da batean irakurri zuen... Berarekin izan nuen solasaldian argi ikusi nuen liburuak ez zuela harrapatu; Unai ez zen Sylvainekin identifikatu. Argi esan zidan eskutitzen bidez kontatzen den istorio hori -lehenbizi batekin, eta gero beste batekin...- ez zela oso erakargarria... Ai, mutilak, ze mozoloak diren(garen)! Unaik nahiago ditu abentura-liburuak eta ekintza ugari duen liburu bat...

Atzo Push filma ikusi genuen zineman; horren antzeko liburuak eskatzen ditu nire mozolo pinttoak, adibidez eta adibitres (sic).



Apika, neskatila baten eskuetan liburu horrek beste irakurketa bat izanen luke, 13 urteko neskatilak ez baitira -inolaz ere- 13 urteko mutilak bezain nazarenoak... Oraingoan, semeak kasu egin eta nik aholkatutako liburu hau irakurtzea onartu zuen, normalean egiten duen bestera... Ezen nik aholkatzen badiot liburu jakin bat irakurtzeko, berak beste bat hartu ohi du... Badakizue, aurre-adoleszentzia... eta denok dakigu nerabezaroa denboraren poderioz sendatzen den gaixotasun bat dela... Psikologo batek esango luke gure semea "nortasuna finkatzen ari dela" Enpin! Gure aita zenak, ostera, zera esango luke: "hi, beti, kontran!"

Eta gaurgero, post hau irakurriz gero, uste dut semeak ez duela horren erraz onartuko nik aholkatutako libururik hurrengo batean... Oso lanpeturik ibiltzen da bere blogean bideoak-eta argitaratzen... Eta ez da bakarra izan!

2009-02-13

Kamishibai

Gaur zortzi Kamishibai ikastaro bat eman behar dut Donostian, Galtzagorri Elkarteak antolatua. Urteak daramatzat Kamishibai kontuekin eta, harrigarria zaidan arren, orain arte ez dut deus ere argitaratu blog honetan Kamishibaiaren inguruan. Kamishibaia ipuinak kontatzeko Japoniako teknika bat da. Nik lan egiten dudan tokian, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, hiru urtez jarrian eman ditut horrelako ikastaroak ; EIBZren webgunean horren gaineko informazioa duzue. Gainera, irakasleak trebatzeko prestakuntza planean kamishibai ikastaro berrituak aurreikusita daude hurrengo urteari begira.

Kamishibaia ikastaroak emateaz gain, jende aurren kontatzen Ezkabaren magalean hasi nintzen, Berriozarren; gero Ezkabatik Euskal Herriko hainbat lekutara joan naiz: Zizur, Zalduondo, Gasteiz, Tutera, Arrasate, Oñati... Azken saioa, pasa den asteazkenean, Abadiñon eman nuen; eta, zinez, gustura izan ginen denok! Oro har, oso gustagarriak dira kamishibaiak, umeentzat ez ezik, helduentzat ere.

Antza, jende kopuru politak eman du izena Donostiako ikastaroan eta, honezkero, izena emateko epea bukatu da. Mezu hau ez da, beraz, inor animatzeko apunta dadin. Nolanahi den ere, Ezkaba mendiaren inguruan bizi zaretenok jakin ezazue UEUk antolatuko duela Iruñean kamishibaiari buruzko udako ikastaro bat, uztaileko hirugarren astean. Izan ere, iaz, Eibarko Markeskoan beste ikastaro bat eman nuen eta, antza, gustura gelditu zirenez, aurten Iruñean berriz egiteko proposamena egin didate.

Beraz, Donostiako ikastaroaren berri berandu izan duena ez dadila kezka, zeren izanen du, izanen duenez, aukera gehiagorik. Jakin-minak jotako irakurleak jo dezala Iraganaren Bidea izeneko nire blogera: irakurgai batzuk izateaz landara, bideo batzuk ere ikusgai daude. Ez dut hemen errepikatuko berriro jadanik argitaratua dagoena.


2009-02-10

"Hegoalderantz ihesi" liburuaz

Juan Madrid ez da madrildarra, Malagako baizik. Eta Malagaraino juan(sic) da Juan eleberri poliziako hau kokatzera, denok ezagutzen ahal dugun Mediterraneoko hotel horietako batera. Pertsonaiak ere, denok ezagutzen ahal ditugunak, haien artean diferenteak, baina leku jakin horretan, hotel horretan, biltzera kondenatuak daudenak; “bide orok Erroma helburu”; bada, ez, liburuko pertsonaien bide orok Riverside Palace Hotela dute helburu. Hasierako atalean hotelaren historiaz mintzo zaigu, egoki, erakargarri. Eta hurrengo ataletik aurrera hasi da jada “akzioa”. Oso nobela zinematografikoa iruditu zait, pelikula bihurtzeko modukoa. Aitortu behar dut espero ez bezala, harrapatu nauela Juan Madrid-en eleberriak. Marrazkirik gabe ere, oso nobela grafikoa iruditu zait:

“Sumintzea eta bere onetik ateratzea ez zen bere ohitura. Baina ileari tiraka eta ukabilak estutzen aurkitu zuen bere burua. Bere munduan, agintariak ez ziren inoiz oker egiten. Bestela izanez gero, dena anabasa hutsa izango zen.
Orduan, burua jaso eta lorategi aldetik tipo garai indartsu bat agertzen ikusi zuen, liho grisezko jaka bat sorbaldatik zintzilik, eta maletatxo bat eskuan. Erreserbarik gabeko bezero bat.”

Pertsonaiak Espainian dagoen giro eta telebisten bidez gazteek ongi ezagutzen dituzten kontuetakoak dira: mafioso bat, soldatapeko hiltzaile bat, gazte mairu bat, BMWak, enpresa eraikitzaileen gose aseezina... Gaur egungo mundu horretan, nor bere profila betetzera kondenatua... edo ez!

“Tomás konturatu gabe zegoen Clara han zela, eta neskak haren bizkar zabala ikusmiratzen jarraitu zuen.[...] Inoiz ez zuen ikusi benetako gayrik. Beno, institutuko mutilak beti ibiltzen ziren esaten urlia edo berendia gay zirela, baina iraintzeko asmoz egiten zuten. Irakasle batzuei leporatzen zieten deitura hura, bai eta zuzendariari ere. Neska txikia zenetik entzuna zuen marikoi hitza etsaiei lotuta, gorrotatzen zuen norbait iraintzeko.
Telebistan, filmetan eta antzerkiak ikusiak zituen gay batzuk, noski. Pertsonaia irrigarriak izaten ziren, mundu guztiak egiten zuen barre haien lepotik. Eta oso erraz antz ematen zitzaien: oso maneratsuak izaten ziren, imintzio nabariak egiten zituzten, emakume arropak jantzi eta begiak margotzen zituzten. Hitz egin ere, oso modu berezi samarrean hitz egiten zuten, gainerakoez oso bestela, lepoa makurtuz eta oihu ttikiak eta txorrotxioak eginez. Emakumeen karikatura moduko zerbait ziren.
Tomasek ez zuen antzeko ezer egiten. Galdetu beharko zion ea benetan gay zen ala ez.”(119.or.)

Aurreko pasarte horiek erakusten duten bezala, ongi idatzia dago testua; again, horretan datza Juan Madrid-en -eta beste idazle on askoren- arrakastaren giltza: kontu arruntak deskribatzeko maisutasunean, alegia.
Adibidez, xanpain botila bat irekitzea doa:

“Botilaren tapoia zarata sorra eginez atera zen eta Tomásek kopa luzera isuri zuen xanpaina. Aparra jaitsi arte itxaron eta berriro zerbitzatu zuen, bi heren bete arte “

Edo, nola deskribatuko zenuke idatziz txistu egitea?

“Mihia aurreko hortzen atzean kokatu, masailak puztu eta airea kanporatzen hasi zen. Hobeto ateratzen zitzaion orain. Txisti ahultxo bat. Azazkal bati kosk egin zion. Gizon horrek begiratzeari utziko balio, errazagoa izango zen! Begiradarekin zulatu egiten zuela zirudien.” (149. or.)

Eta liburu onetan bezala, liburu honetan ere hasierako pasarteek utzitako detaileak -ustez garrantzi gabekoak- bihurtzen dira giltzarri amaieran...

2009-02-07

Elur-melur


Berriozarren elurra mara-mara ari du, goiko argazkiak bistaratzen duenez.

Elurraren harira, Yolanda Arrietaren artikulu bat etorri zait gogora, oroimenaren ozeanoan izozmendi bat balitz bezala, distiratsu. BERRIAn duela urte batzuk argitaratuta, artikuluxkaren bila murgildu naiz Interneteko ozeano digitalean eta hara! Hona hemen artikuluxka.

Artikuluak ikusarazi dit oroimenaren ozeanoan beste izozmendi bat: garai hartan, haiz zuzen, Yolanda Arrietarengandik ikastaro bat hartzeko plazera izan nuela, beheko argazkiak frogatzen duen gisara.

Eta argazkiak ikusarazi dit oroimenaren ozeanoan beste izozmendi bat: Yolandak berak idatzitako liburu bat, opari eman zidana, Gatzaren atzerik, Mari-xor. Liburutto zuri horren bila murgildu naiz etxeko nire apalategietako ozeanoan eta, egia aitor dezadan deblauki, gaitzagoa izan da paperezko ozeanoan nabigatzea Interneten baino...

Halarik ere, liburuttoa aurkitu dut. Hona hemen hasierako pasarte zoragarri bat:

Gatza da Mari-xor ipuineko elementu nagusia: Mari-xorri hauxe geldetzen diote: "Zer da garrantzitsuagoa, aita ala gatza?” Protagonista gatzaren alde dago, aitarik gabe bizi daitekeelako mundu honetan, baina gatzik gabe, ez.


Azken galdera horrek ikusarazi dit oroimenaren ozeanoan azken izozmendi bat: "zer da garrantzitsuagoa, aita ala gatza?" galdera bera neure buruari egitekotan ere, berdin erantzungo nuke. Izan ere, gure aita bizi izatera, atzo beteko zituen 96 urte. Duela hiru hilabete hil zitzaidan aita eta oroimenaren ozeanoan izozmendi hori ez da erraz urtuko.

Eta elurra zanpa-zanpa ari du; izotza dela-kausa gatza ari dira erruz barreiatzen errepideetan; eta oroimenaren izozmendiak ari zaizkit urruntzen, urruntzen, urruntzen, ozeanoko ur gaziek eramanda.

2009-02-06

Min1ekoLak -Minutu 1eko Eleak-

Londonek badu Hide Park. New York-ek badu Central Park. Parisek baditu Eliseoko Zelaiak. Iruñak badu Gaztelu Plaza... eta Berriozarrek badu Zorroka.

Zorroka, Berriozarko auzo zaharreko ikuztegiaz izateaz landa, Berriozarko Euskara Taldearen izena da. Mila urte baino gehiago duen gure herri honetan gure hizkuntzaz mintzo, mintzatzen eta mintzatuko da Herria. Mila urte eta urak bere bidean.

Zorroka taldearen ekimenez, Minutu 1eko Eleak izeneko ekimena jarri genuen aurreko KORRIKAn abian. Aurten ere, Korrika Kulturalaren babespean, bigarrenez eginen dugu.

Idatzi euskarazko testu bat; ez baduzu idatzi nahi, gustuko duzun euskarazko testu bat izan daiteke. Baldintza bakarra: laburra izatea, minutu bakar batean irakurtzeko modukoa: horregatik Min1ekoLak -Minutu 1eko Eleak- deritze.

Minutu bateko hamaika ele, minutu bateko hamaika istorio, minutu bateko hamaika testu bildu nahi dugu gure hizkuntza entzun eta zabal dadin lau haizetara. Gainera, ele hauek ez ditu urak eramanen; minutu bateko ele hauek, minutu bateko ale hauek, liburutto batean jasota geldituko dira, paper zuriaren gainean beltz, behar den bezala, urak eraman ez ditzan. Beste mila urte igarota ere. Martxoaren 27an, ostiralarekin, Min1ekoLak liburuttoko testuak egileek beraiek irakurriko dute Berriozarko Herria tabernan eta liburrutto bera salgai jarriko da; egun horretan jasotako dirua KORRIKAren kilometro bat erosteko baliatuko dugu.

Zuk ere parte har dezakezu. Igorri zure testua hilaren 23a baino lehenago zorroka@topagunea.net helbidera.

Zeren Londonek badu Hide Park, eta New York-ek Central Park, eta Parisek Eliseoko Zelaiak, eta Iruñeak Gaztelu Plaza; baina Berriozarrek badu Zorroka.

Hona hemen duela bi urteko parte-hartzaileak.


Ea aurten lagun gehiagok parte hartzen duen!